Astekaria

Etorkizunerako egitasmoek klinikan ilusioa pizten dute

Guaixe 2022ko uzt. 19a, 14:01
Eguneko zentruko erabiltzaileak patioan teraupetekin batera. ARTXIBOA

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko arduradunek hainbat egitasmo dituzte mahai gainean: eguneko zentroa handitzea eta berritzea, ospitaleko gaixoendako terapia patioa egitea edota energia kontsumoa murrizteko aerotermia proiektua ezartzea. Bitartean, Osasunbidearekin hitzarmena berritzeko negoziatzen ari dira.

Ilusioa. Sentipen hori nabari da Josefina Arregi klinikako arduradunen artean, esku artean ilusioa sortzen dieten hainbat proiektu dituztelako. Klinikako gerente Angel Gardachal Ausejok esan duenez, esku artean dituzten egitasmoetako bat eguneko zentroa berritzea eta handitzea da. Horretarako, finantzabideak aztertzen ari dira, direla dirulaguntzak, dela mezenazgoa. Han lan egiten duten profesionalen helburua da erabiltzaileen osasuna mantentzea eta kognizio hondatzea mantsotzea. “Europako protokoloak pertsona ardatz duen arreta eskaintzea aholkatzen du. Horrek esan nahi du hona datorren pertsona ez dela klinikara egokitu behar, gu gara pertsonetara egokitu behar garenak bere ezaugarriak kontuan izanda. Esaterako, berandu bazkaltzen badu, berandu bazkaltzea eta ez 12:30ean”. 

Denbora daramate protokolora egokitzen, “baina guztiz egokitzeko azken bultzada behar dugu. Horrek gauza gehiago egiteko aukera emanen ligukeelako”. Gardachalek azaldu duenez, “lehenik espazioa handituko dugu eta gero ikusiko dugu zenbat pertsona sartzen diren han”. Gaur egun eguneko zentroak 25 plaza ditu. “Sakanan dagoen eguneko zentro bakarra da klinikakoa, eta, batzuetan, jendea kanpoan gelditzen da. Irabazi asmorik ez dugu, eta finantzazioa lortuz gero, ibarraren premia guztiei erantzuna eman nahi genieke”. 

Bestalde, bigarren patio bat egin nahi dute. Beilatokiaren atzean legoke eta han berdegune bat egiteko asmoa dute. Berdegune hori terapia helburuekin egokitu nahi dute, batez ere, ospitalean daudenei bideratuta. Izan ere, garagarrilean mustu zuten terapia patioa eguneko zentroko (goizez) eta ospitaleko pazienteendako (arratsaldez) balio du (COVID-19aren kontrako protokoloagatik ezin dute elkarrekin egon), “baina batzuen eta besteen beharrak desberdinak dira. Ospitalea gaixo akutuendako da. Etortzen direnek desoreka handia dakarte. Gurekin hilabete inguru egoten dira, esku hartze zorrotz baterako, eta ahal den neurrian konpentsatzen ditugu. Dementzia ezin da sendatu. Eta oinarrian dementzia badago ere, beste faktore batzuek sortzen dute desoreka pertsona horiengan. Orekatzeko guk nahasmenduak sortzen dituzten beste faktore horien gainean lan egiten dugu”. 21 plaza ditu klinikako ospitaleak. 

Bi urteko berritasunak 
Sakanan etxez etxeko zerbitzua indarrean jarri zuten 2020an. Hainbat arrazoirengatik (familiak ezin du, mendekotasun gradu handia…) klinikara joan ezin dutenei ematen diete horrela zerbitzua. Bi langile dabiltza horretan, gainezka daude eta langile kopurua handitzea aztertzen ari dira. Klinikak gaur egun 60 bat langile ditu; 2018an 46 langile ziren. Okupazio terapeuten lantaldea bitik laura pasa da. Fisioterapeuta bakarretik bira pasa dira. 

Bestalde, 2020ko azaro akaberan klinikak egoitza zabaldu zuen Iruñeko Cordovilla industrialdean. Horrekin urtean egindako mediku kontsulta kopurua bikoiztea lortu dute. “Lortu dugu sakandarrez eta ezagutzen gintuzten nafarrez aparte, nafar gehiagorengana iristea: 1.500 pertsona gure medikuen esku hartzeen onuradunak. Ez diogu mugarik ikusten”, argitu du Gardachalek. Altsasun urtean 600 kontsulta egitetik 800 egitera pasa dira. 

Iruñerriko zerbitzu hori gobernuaren hitzarmenen menpeko ez izatearen aldeko apustua egin du klinikak eta lortu dute. Eta heldu den urtean Gasteizera salto egiteko prestatzen ari dira. “Klinikak eskaintzen duen zerbitzuaren parekorik ez dago Araban. Eta Altsasura etorri ezin dutenendako Gasteizen zentroa zabalduko dugu”. Iruñerrikoan bezala, kognizio estimulaziorako (memoria) eta funtzioak berreskuratzeko (gorputza) unitate bana izanen du. Dagoeneko lokala eskuratu dute eta Adania fundazioaren laguntza dute. 

Zerbitzu eskaera gero eta handiagoa dute, eta klinikarako espezializatutako profesionalak opatzeko lanak dituztela ere gaineratu du gerenteak: “gurera trebatzera ekarri behar ditugu. Neurologoak edo psikiatrak badira ere, kontsultak ez dira medikuntzaren adar bakarrekoak: neurologia, geriatria edo psikiatria. Esaterako, psikogeriatria ezagutzarik ez duen mediku batek psikogeriatria kontsulta egiteko, gure ospitalean lanean, gutxienez, sei hilabete egon behar du”. Klinikaren “erreferentzialtasunak eta hiperespezializazioak” profesional batzuendako erakargarri bihurtzen du. 

Milioi erdi euro
Diru kopuru hori baino gehiago inbertitu du klinikak azken urteetan bere Altsasuko egoitzan, hura berritzeko, zaharberritzeko, digitalizatzeko eta egokitzeko. Esaterako, klinikaren energia jasangarritasuna lortu nahian, eguzki plakak jarri zituzten teilatuan joan den urtean. 40 kW pasa jarri zituzten. “Kontsumitzen dugun argindarraren %25 inguru sortzen dugu horrela”, azaldu du Gardachalek. Energiaren autoekoizpenean hurrengo pausoa aerotermia izanen da. “Horrekin berogailurako eta ur berorako erabiltzen dugun gas kontsumoaren %85 aurrez genezake”, zehaztu du gerenteak. “100.000 euro baino gehiagoko proiektua da eta finantziatzaileak bilatu beharko ditugu”, aurreratu du Gardachalek. 

Finantziazioa
Aipatutako lanak egiteko finantzabideak bilatzen aritzen dira. Historikoki Josefina Arregi klinikaren finantziazio iturriak izan dira, batetik, klinikako lagunen elkartearen (500 bat bazkide) eta Trans Sakana, Sakana Group, Lazaro Echeverria eta Adania fundazioaren diru emateak, eta, bestetik, Nafarroako Kutxaren fundazioa. Finantzabide berriak opatzeko Laboral Kutxarengana jo zuten eta duela urte eta erdi ari da finantza laguntza ematen. Kutxak urtero klinikari diru kopuru bat ematen dio nahi bezala erabil dezan. Eta, horretaz aparte, proiektu jakinak garatzen laguntzen dio. Aurten, esaterako, lasterketa eta patioa terapiarako egokitzea. 

Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmena ere beste finantza iturri garrantzitsua da. Klinikako ordezkariak Osasunbidearekin duen hitzarmena berritzeko negoziazioetan ari dira gaur egun. “Osasun Departamentuarekin hitz egitera eseri ginen 2019an eta hizketaldi serioak izan genituen. Behingoz, klinikaren alde apustu egin eta mantentzen gintuzten erabateko prekarietatearekin hausteko eskatu genuen. Departamentuaren erantzuna ikusgarria izan zen, eta kontzertuaren ekonomia arloa eguneratu ziguten eta gaur egun jasangarriak gara”, azaldu du Gardachalek. Hitzarmenak eguneroko martxan bermatzen dio klinikari.