Igandeko berotzarrari aurre eginda, 9:00etan etxafigua jaurti eta Bargagaingo bidea hartu zuten udaletxe parean bildu ziren altsasuarrek, Bargagaingo Igoera erromerian parte hartzeko. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Bargagain igotzeko betiko ibilbidea berreskuratu du, lursail komunalak erabiltzen dituena, eta hura markatu du, azkenaldian erabili izan den eta lursail pribatuetatik sartzen zen ibilbideari uko eginez. Horrela, hemendik aurrera betiko bidea erabiltzera animatu zituzten altsasuarrak.
Behin Bargagainera iritsita, Sebastian Uhalde Txan apaizak meza eman zuen eta ondoren sorpresa hartu zuen, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak aitortza egin baitzion, opari eta guzti. "Txan herrian oso maitatua den pertsona da. Urtero igotzen da Bargagaingo Igoerara, eta aurten ere hala egin du, 81 urterekin. Aitortza egin nahi izan diogu" aipatu du Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Jesus Guineak. Altsasuko armarria eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeko irudia tailatuta zituen zurezko kutxan, bere izena-abizenak zituen boligrafoa jaso zuen opari. "Hunkitu egin zen" aitortu du Guineak.
Ondoren, ardoa banatu zen, zilarrezko tazetan, txorizoa eta bestelakoak dastatu eta, jakina, Altsasuko ospakizun guztietan egiten den bezala, Altsasuko Zortzikoa dantzatu zen. Bukaeran, guztia bildu eta herrira jaitsi ziren bildutakoak. Aipatzekoa da Basaluze dorrea zabalik egon zela.