Askatasunaren artistak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko uzt. 18a, 13:12
Donatella Maní eta Albina Stardust drag artistak Altsasuko emanaldian. IÑAKI RUBIO MENDOZA

Gozamenez programaren Ur festa goxoaren barruan Donatella Maní eta Albina Stardust drag queen-en ikuskizuna izan zen Altsasuko igerilekuetan. Musikaren eta esperimentazioaren bidez aske maitatzeko eta bizitzeko aldarrikapena egin zuten.

Zuzenekoaren gauzei eta arazo teknikoei aurre eginez, Donatella Maní eta Albina Stardust artistek Drag ikuskizuna egin zuten Gozamenez programaren Ur festa goxoaren ekimenean, Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan. Espektakulua hiru hitzekin deskribatu du Donatellak: "Oso musikala, oso didaktikoa eta oso dibertigarria", baina zerbait gehiago izatea ere nahi zutela azaldu du Albinak: "Sortu nahi dugu espazio bat non jendea aske sentitu daitekeen, non jendeak bere luma, bere identitatea erakuts dezakeen, non den-denok elkarrekin egongo garen eta nahi duguna izateko libre izango garen". Altsasu "askatzera" etorri ziren

Gazteen sexualitatea modu positiboan lantzeko programa da Gozamenez, Albinak horrelako ekimenen garrantziaz hitz egin zuen: "Nik uste dut sexua eta sexualitatea gehiago lantzen ari garela, eta oso garrantzitsua da eta oxala geroz eta gehiago eta hobeto landuko den, baina uste dut garrantzitsua dela sexualitateaz hitz egitea, generoaz eta identitateaz hitz egitea".

Drag
Drag bat, drag queen bat edo artista drag bat generoarekin jolasten duen artista dela azaldu du Albinak. "Gure kasuan, feminitatearekin jolastea gustatzen zaigu, jende guztiari erakusteko izan zaitezkeela izan nahi duzun bezalakoa, izan femenino, maskulino, ezer edo biak".

"Generoarekin jolasten duen artista bat da drag, drag queen edo artista drag"

Gizadia bezain zaharra dela azaldu du Donatellak, baina deitura antzerki isabelinoan sortu zen. "Antzinako Grezian maskararen erabilpena, Erdi Aroan Celestina bezalako pertsonaiak eta historia zehar ere zenbait pertsonaia modu batera edo bestera drag adibideak izan dira". Antzinako Egipton, esaterako, erregeek ilea guztiz mozten zuten eta ileordeak erabiltzen zituzten eta Hatshepsut erregina gizon bezala karakterizatzen zen eta ez faraoi emakume bezala. "Hori ere generoarekin jolastea da. Oso atzetik datorren zerbait da". Baina transexualitate eta identitate trans-ak "oso ezkutatuak" izan direla salatu du Albinak.

"Trabestismoa nahiko mainstream izan zen. Beti umorearekin lotutako zerbait zen, ez zen hain aktibista edo politikoa". 1969. urtean Stonewall matxinadaren ondoren LGTB kolektiboarekin elkartu zen eta aldarrikapenek indarra hartu zutela azaldu du Albinak. "Momentu hartan zerbait negatiboa bezala begiratzen hasi ziren; gauarekin lotutakoa, drogekin eta abarrekin. Baina hori gizarteak eman nahi izan dion irudia izan da, ez da benetako irudia".

Izaera
Drag bakoitza "oso pertsonala" dela azaldu du Albinak. "Albina Stardusten atzean Albina Stardust dago. Nire zati bat da, ileordeekin eta soinekoekin adierazten dudana. Baina ni naizena da". Bere feminitatea adierazteko modu bat dela esan du, "esaten zidatelako ezkutatu behar nuela. Nik ezin nuen feminitate hori erakutsi jendeak gizona bezala ikusten ninduelako: ezin zara femeninoa izan, ezin dituzu soinekoak jantzi, ezin duzu ile luzea eraman...". Albina, beraz, hori guztia ateratzeko modua da, "eta modu handian egiteko, gainera". Bere egunerokotasunean Eneko da, pertsona ez-binarioa, eta horren aldarrikapena ere egiten du. "Nire drag-etik asko ikasi dut egunerokotasunean ere". Baina drag-a ez da pertsonaia bat, "ni naiz, baina beste modu batera". Eta nolakoa da Albina Stardust? "Niñata bat da. Tik tok zalea eta Euskal Herriko Lady Gaga izan nahi du, "nik esaten dut banaizela".

"Bazara, kariño, bazara", erantzun dio Donatellak. Donatellaren kasuan, bere egunerokotasunean gizon binarioa dela esan du, diseinatzailea da eta bere proiektuak egiten ditu, bikotekidea dauka eta drag-a "errutina horretatik ihes egiteko modu bat da". Donatellak bere izaera ren elementu asko dituela azaldu du: "Nik beti esaten dut adineko pertsona bat naizela 22 urteko pertsona baten gorputzean harrapatuta. Orduan, drag-ean señora alde hori gehiago da. Nahiz eta egunerokotasunean ere señora gauzak ditudan". Izaera hori gustatzen zaio, baina etapak direla esan du ere: "Orain oso señora naiz, baina hemendik denbora batera ez dakit nolakoa izango naizen, agian makarra bihurtuko naiz". Instintoak eta nahiak jarraitzen ditu. Donatellak estetika retroa "maite eta aldarrikatzen" du, bizitza estilo bezala ere bai. Elegantea da, baina landa eremuko emakumeak aldarrikatzen dituela gaineratu du Albinak. "Horri buruzko abesti bat egiten ari naiz herri txiki batekoa naizelako, eta bertan ez dugu erreferenterik izan". Musikan sentitzen da gustuen Donatella.

Hasierak
Hamabost bat drag-eko "familia handi" bat osatu dute oso denbora gutxian. Donatella izan zen lehendabizikoa. Maite izan zuen lehenengo pertsona gainditzen lagundu zion drag-ak. "Modu naturalean atera zitzaidan. Batxilergo amaierako galan diba handienari izendapena eman behar zidaten, eta esan nuen: dibineoa nahi duzue, dibineoa izango duzue". Donatellaz jantzita agertu zen, "eta hori izan zen bere jaiotza". Kalera lehenengo aldiz 2017ko Harrotasunaren egunean atera zen. "Oso ongi sentitu nintzen, oso lagunduta, nahiz eta bakarrik joan". Atera behar zen zerbait zen Donatella.

Albinaren kasuan unibertsitatera joan zenean "makillajearekin esperimentatzen" hasi zen. 2018an Iruñeko Zentralen LGTB festa bat antolatu zuten eta, besteak beste, Yogurinha Borova joan behar zen, "erreferente bat". Albinak ez zekien jantzi edo ez eta Donatellari galdetu zion, "bere etxera prestatzera joateko esan zidan". Gau izugarria izan zela esan du Albinak. "Horren ondoren, familia".