leire bujanda

"Orkestakoa esperientzia oso polita izaten ari da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko uzt. 20a, 13:15
Leire Bujanda Moro altsasuarra Galaxia Musical Orquestako dantzaria. GALAXIA MUSICAL

Leire Bujanda Moro dantzari altsasuarrak Galaxia Musical Orquestan lan egiten du. Udan zehar herriz herri eta festaz festa ariko da plazak animatzen.

Besteak beste, sanferminetan emanaldi arrakastatsua egin zuten.

1. Galaxia Musical Orquestako dantzaria zara. Noiz hasi zinen?
Maiatzaren hasieran hasi nintzen. Apirilean taldeko abeslaria eta taldeko kudeatzailea den Maialenekin harremanetan jarri nintzen, eta maiatzean entseguekin hasi ginen. Lan asko geneukan; haiek dena prestatuta zuten, baina dantzari berriek hutsetik ikasi behar genuen dena. Bi abeslari, lau dantzari eta teklatu jolea gara taldean, eta bi dantzari berri gara.

2. Eta nola sartu zinen?
Pole irakasleak, Amaiak, galdetu zidan ea nola nuen antolatuta uda, orkestran aritzeko eskaintza bidali ziotelako. Berak ezin zuenez, niri esan zidan. Maialenen kontaktua pasa zidan, idatzi nion, eta bost minututan bere deia jaso nuen. Elkarrizketa bat izan genuen, eta hemen nago.

3. Zenbat dantza ikasi dituzue?
Hogeitik gora, eta oraindik ikasi behar ditugunak. Denetarik egiten dugu: kunbiak, merengeak, 1980ko eta 1990ko hamarkadetako abestiak... Dantza asko ikasi ditut, eta aukera bat bezala hartu dut. Beti nahi izan dut beste estilo batzuk ikasi. Aritzek eta Dianak dantza latinoak egiten dituzte, eta haiengandik ikastea esperientzia oso polita izaten ari da; baita gogorra ere, ez delako nire estiloa. Baina asko disfrutatzen ari naiz.

4. Zer esan zizuten familiak eta lagunek?
Flipatu zuten. Neuk ere flipatu nuen. Badakite dantza egitea izugarri maite dudala, eta honetaz lan egin ahal izatean, poztu ziren.

5. Zenbat emanaldi egin dituzu?
Oraingoz, hiru, baina abuztuari begira hamabost itxita ditugu, eta badaude beste batzuk ixteko. Lehenengo emanaldia uztailaren 20rako pentsatuta zegoen, baina ekainaren 4an izan zen, Arlegin. Lan pila egin genuen oso denbora gutxian. Baina oso gustura egon ginen. Beste taldekideak ohituta zeuden, baina bi dantzari berriak ginenez, guretzat dena berria zen. Arropaz asko aldatzen gara, urduritasuna hor zegoen ere... Baina oso ondo joan zen. Kritika onak izan genituen. Irailean Madrilgo hiri batean emanaldia dugu, eta horretarako gogoa dut, hemendik aterako garelako. Besteak etxetik nahiko gertu dira: Nafarroan, Errioxan... Baina uztailaren 20an Zaragozara goaz, Teruelera... Beste publiko bat izango da ere, esperientzia berri bat.

6. Sanferminetan ere egon zineten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Ikaragarria. Ezin dut hitzekin deskribatu. Eszenatokira igo eta Antoniutti osoa jendez beteta ikustea izugarria izan zen. Aurretik ez genuen imajinatzen hainbeste jende egongo zenik. Azkenean, San Fermin festak ziren eta uste nuen nire familia eta lagunak egongo zirela, baina hainbeste jende ez nuen espero; ez genuen espero plaza betetzea. 7.000 pertsona guri begira. Momentuz, emanaldirik gustukoena izan da.

7. Noizbait imajinatzen zenuen sanferminetan dantzan aritzea?
Ez. Ez nuen espero orkestra batean egotea, eta ez nuen espero sanferminetan dantza egitea. Gainera, horrela, plaza beteta.

8. Nolakoa da festaz festa aritzea?
Ni oraindik ez naiz ohitu. Baina esperientzia oso polita izaten ari da. Jende askok ikusten zaitu, ez da beti publiko bera izaten. Publiko guztietarako bideratuta dago, baina arratsaldeko emanaldia publiko helduagoa izaten da, eta gauean diskotekeroagoa da, eta giroa aldatzen da.

9. Nolakoa da emanaldi bat?
Ez ditut abesti guztiak dantzatzen, ezinezkoa litzateke. Dantza egiteaz gainera, animatzaile lana egiten dugu ere. Arropa aldaketa pila bat ditugu abesti guztiak ez direlako berdinak. Hainbat bloke daude, eta bakoitzeko hainbat abesti dantzatzen ditugu. Bi edo hiru orduko saioak izaten dira, ezin gara jarraian dantzatzen egon. Ikuskizun bat da. Maialenek deitu zidanean esan zidan orkestra bat baino gehiago izatea nahi zuela, eta niri deitu zidan pol egiteko. Aritzek, beste dantzari batek, pol egiten du ere. Denetarik eramaten dugu.

10. Parrandarako tokia badago?
Oraingoz ez dugu egin. Lan asko da, eta asko nekatzen du. Gainera, beroarekin lan egitea tokatu zaigu, eta askoz gehiago nekatzen du. Baina izango dugu aukera.

11. Aurrerago orkestran jarraituko duzu?
Hau ikusita bai. Asko betetzen nau, oso pozik nago, eta orkestrako kideak pila bat maite ditut. Harreman oso polita egin dugu, eta aurrerago posible balitz, beraiekin dantza egiten jarraitu nahi nuke.