Espainiako TREC Hipika Txapelketan brontzezko domina lortzeak sari ederra eman zion Mikel Zufiaurre Estevez altsasuarrari: abuztuan Frantzian jokatuko den Mundialetan aritzeko txartela.
Jockeya ala zaldizkoa zara?
Jockeyak abiadurako lasterketetan aritzen diren zaldizkoak dira. Gainontzekoak, saltoetan, TREC-ean eta gainontzeko modalitateetan ibiltzen garenak, zaldizkoak edo amazonak gara.
Noiz hasi zinen hipikan?
Orain dela hiru urte inguru. Arrebaren urtebetetzea zen eta familiarekin zaldi gaineko paseoa egitera joatea izan zen oparia. Izugarri gustatu zitzaigun eta zaldi gainean ibiltzen ikasteko klaseak hartu genituen guztiok. Azkenean, arrebak eta biok jarraitu genuen, mailaz gora egin genuen, Mairu, gure behorra erosi eta gaur egunera arte. Agurainen trebatzen gara, Hípica Agurainen.
Denbora gutxian salto handia egin duzu. Joan zen urtean, 2021ean, Espainiako TREC Hipika Txapelketan txapeldunordea izan zinen. Nolako modalitatea da TREC-a?
TREC modalitatearen barruan hiru proba daude. Lehenengoa orientazioa da, garrantzitsuena. Parte hartzaileok mapa bat eta iparrorratz bat daramatzagu, eta, horiez baliatuta, mendira atera, eta orientazio proba bat gainditu behar dugu. Bigarren probaren izena PAR da, aireko proba. Horretan 100 metroko zelai bat daukagu, bi marrez mugatuta. Joatean pausu azkarrean joan behar da, baina trotera iritsi gabe, marretatik atera gabe. Bueltakoan, aldiz, azkar etorri behar da, galopan, baina trotean hasi gabe. Azken probaren izena PTV da. Proba hori mendian egiten da, eta bertan berez dauden oztopoak gainditzean datza, adibidez, ateren bat irekitzea, edo salto bat egitea, edo zirkulu batera sartu, zalditik jaitsi eta zaldizkoa zirkulutik ateratzea, zaldia barruan geldirik geratuz. Halakoak.
Lanak ongi egiteko zure zaldiarekin duzun harremana oso estua izan beharko da.
Bai. Oso pozik nago nire zaldiarekin. Nik berarekin ikasi dut berak nirekin ikasi duena baino askoz ere gehiago. Mairu erosi genuenean ez zekien ezer egiten, eta asko irakatsi diogu, baina berak ematen diguna sekulakoa da. TREC-erako oso zaldi ona da. Zaldiekin harreman berezia egon behar da, feeling berezia. Arreba eta biok Aguraingo hipikara iristen garenean Mairu! oihukatu eta berehala belarriak altxa eta etortzen da. Harreman hori ezinbestekoa da. Konplizitate hori lortzeko ordu asko sartu beharra dago, baina lehendabiziko egunetik Mairurekin dugun harremana ona da. Ni bere gainean noanean badakit mugimendu bat egin aurretik nola egin behar duen. Adibidez, salto batean hemendik joango dela, gero hortik... badakit, instintiboki.
"Zaldiarekin konplizitate hori lortzeko ordu asko lan egin beharra dago"
TREC-a al da gehien gustatzen zaizun modalitatea?
TREC-a modalitate osoa da. Saltoak eta bestelakoak ere egiten ditut, baina gaur egun TREC-ean aritzen naiz gehien. Nire berezitasuna da. Abiadura ere gustuko dut, baina lasterketak ez. Hipodromoko karrerak ikustea bai, baina egitea ez.
Aurten beste salto bat egin duzu. Espainiako TREC Hipika Txapelketan brontzezko domina lortu, eta txapelketako orientazio proban Espainiako txapelduna izan zinen. Eta, garrantzitsuena, Mundialetan parte hartzeko txartela lortu duzu.
Espainiako TREC Hipika Txapelketa Extremaduran jokatu zen, Torrejon El Rubion, Aste Santu ondoren. Orientazioko proban onena izan nintzen, baina beste bietan ez nintzen horren fin ibili eta horregatik puntuazioa jaitsi eta hirugarren sailkatu nintzen Espainiako TREC txapelketan. Dena den, oso kontentu nago.
Espero al zenuen?
Genituen helburuak bete genituen. Aurten Mundialak jokatuko direnez, guztiak motibatuagoak geunden eta gogo handiz prestatu genuen txapelketa. Izan ere, podiumean sailkatzen zirenek zuzenean lortzen baitzuten Mundialetan Espainiako selekzioarekin aritzeko txartela. Gainontzekoek, puntuazioaren arabera.
Noiz jokatuko da Mundiala?
Abuztuaren 26tik 28ra, Orleans (Frantzia) ondoko parke handi batean. Nire ohiko entrenatzaileekin ari naiz Mundiala prestatzen, Roberrekin eta Carmenekin, Hípica Agurainen. Astelehenean, uztailaren 25ean, Avilara goaz, Espainiako hipika selekzioarekin Mundiala prestatzeko kontzentrazioa egitera. Guztira 16 zaldizko eta amazona gara, nire kategoriakoak, izar batekoak, lau.
Hortaz, zuen maila izarren araberakoa da.
Bai. 0 izar, izar bat, bi izar, hiru izar… Adinaren araberakoa da. Nik aurten 15 urte beteko ditut eta izar bateko mailan nago. Datorren urtean mailaz igoko naiz.
Munduko Txapelketan parte hartzea handia da. Nola zaude?
Oso pozik eta hunkituta nago. Selekzioko kide gehienak ezagutzen ditut, aurretik Espainiako Txapelketetan eta beste proba batzuetan aritu izan garelako, baina bakoitza bere federazioarekin, ni Euskal Hipika Federazioarekin. Baina orain Espainiako selekzioarekin ariko gara. Iruñeko mutil batek parte hartuko du ere, lagun oso ona. Gainontzekoak Kataluniakoak, Gaztela eta Leongoak eta beste probintzietakoak dira.
Zure zaldiarekin lehiatuko zara?
Bai, bakoitza bere zaldiarekin lehiatuko da, bestela zerotik hastea bezalakoa litzateke, zaldiarekin harreman hori ez baita egun batean sortzen. Bi zaldi eraman ahal izateko kamioi txiki bat dugu eta Avilara nirea eta Iruñeko mutilaren zaldia eramango ditugu. Frantziara kamioi handian eramango dituzte zaldiak, baina hori Espainiako selekzioak lotuko du.
Mundiala zailagoa izango dela espero duzu? Koska bat gehiago izango du?
Baietz uste dut, aldaketa egongo dela, Mundiala delako, baina ez dakit. Avilako entrenamendua Mundiala prestatzeko espezifikoagoa izango dela uste dut. Disfrutatzera joango naiz, nire lana ahalik eta hobekien egitera.
Udako oporretan Mundiala prestatzea zer da zuretzako?
Sekulako oparia. Oso pozik nago egun osoa hipikan entrenatu ahal izango dudalako eta Mundialera joan ahal izango dudalako.
Hipikak guztiz harrapatu zaitu.
Bai (kar, kar).
Zorte on Mundialetarako!
Eskerrik asko!!!