Kale konponketak emateko deialdia egin du udalak

Guaixe 2022ko uzt. 27a, 11:25
Kaleko asfalto zaharra kentzen berria zabaltzeko. ARTXIBOA

Erkuden, San Pedro bidea eta Frontoi zeharbidea kaleen zatietan zoladura hobetuko da eta Intxaurrondo plazan putzua ez egiteko lanak.

Altsasuko Udalak deialdia egin du bi herri lan lote emateko. Lanek 78.069,89 euroko balioa dute (BEZ kanpo) eta haiek hartzen interesa dutenek agorrilaren 3ko 23:59ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Alde batetik, hiru kale zatiren berritzea dago. San Pedroko bidea kalearen 35 eta 43 zenbakien parean autoak aparkatzen dituzte eta hondakinak jasotzeko edukiontziak daude. Lurra hondatutako kaskailua da. Batzuetan, langileek edukiontziak mugitzeko lanak dituzte. Izan ere, lurrean hondatutako kaskailua dago. 25 metroko luzeran asfaltoa zabaldu nahi du udalak. Bestetik, Erkuden kalearen 12. zenbakiaren parean, 375 m2-ko azaleran asfaltoa berrituko da. 

Hirugarren lana Frontoiko zeharbidean eginen da. San Joan kaletik zeharbideko 6. etxe zenbakiraino tartean saneamendu sarea konponduko da. Izan ere, gaur dagoen kanalizazioa behar baino txikiagoa da eta horrek arazoak sortzen ditu ur beltzak bideratzean. Horiek konpontzeko kanalizazio berria hodi zabalagoekin eginen da, San Joan kaleko saneamendu putzuarekin bat eginen duena. 

Aipatutako hiru lanak lote bakar batean daude eta haren balioa 70.010,69 eurokoa da (BEZ kanpo). Bigarren lotea, 8.059,2 eurokoa (BEZ kanpo), Intxaurrondo plazako lana da. Haren iparraldean ura hartzeko elementurik ez dagoenez, euria egiten duenetan putzu handia sortzen da, horrek oinezkoei eragozpenak sortzen dizkie. Eraiki zenetik dago arazoa. Baina behean ere aparkalekua dago. Horri konponbidea eman nahi dio udalak. 

Jaiegunetako feria 
Altsasuko Udalak beste deialdi baten bidez festetan (Ferialeku eta Otadiako kristo deuna kaleko 3.540 metro karratu), ferietan (Zumalakarregi plazako 665 metro karratu) eta ihoteetan (Zubeztia plazako 521 metro karratu) feria atrakzioak jartzeko aukera emanen du. Udalak kalitate eta prezio erlazio onena egiten duen eskaintzari emanen dio feriarako lekuaren kudeaketa. 2.961 euro (BEZ kanpo) eskatzen ditu urteko. Kontratua bost urtez luzatu daiteke eta haren balioa 14.805 eurokoa (BEZ kanpo) izanen da. Luzapenen kasuan urtero Kontsumo Prezioen Indizearen arabera eguneratuko da kontratua. Eskabideak udaletxean aurkezteko epea agorrilaren 3ko 23:59an despedituko da.