Dantzaren munduan aritzen direnendako Iker Karrera eta Raymon Naval izenak ezagunak dira. Fama, a bailar! telebista saioaren azken bi denboralditako irakasleak izan ziren. Paula Urabayen Ochoa-Aizpurua gazteak ere telebistan ezagutu zituen, haurra zenean, "eta ezin nuen sinetsi orain haien klasean egotea". Altsasuarrak Madrilgo 180 Danza eskolan ikastaro trinkoa egin zuen uztailaren hasieran, Burgosko Orbe dantza txapelketan beka bat irabazi zuelako. Txapelketa horretan ere urrezko domina eta dantzari errebelazio saria irabazi zituen.
Koreografia
Dena Urabayenek sortu zuen koreografia batekin hasi zen. "Abestiak jartzen hasi nintzen eta batek atentzioa eman zidan, begiak itxi nituen, eta gorputza mugitzen utzi nuen. Pauso politak egiten hasi nintzen, eta koreografia polita atera zitekeela pentsatu nuen". Bukatu zuenean dantza asko gustatu zitzaion eta amari erakutsi zion, "eta amari ere asko gustatu zitzaion". Irantzu Gonzalez Dantza Eskolak Burgosko Orbe dantza txapelketan zenbait talderekin parte hartu behar zuenez, bakarlari bezala joateko aukera zegoen galdetu zioten. "Baietz esan zigun, zenbat eta jende gehiago joan, orduan eta esperientzia politagoa izango zelako". Martxoko asteburu batean izan ziren Burgosen, eta aurkeztuko bi taldeak eta Urabaienek sariarekin itzuli ziren.
Txapelketara "oso urduri" joan zela aitortu du dantzariak, izan ere, aldi berean hainbat kategoria jokatzen dira, eta Urabayen bakarrik joan zen. "Dantza egin nuenean dena pasatu zitzaidan". Espektatibarik gabe joan zen, bakarlari bezala aritzen zen bere lehenengo aldia zelako, "ongi pasatzera joan nintzen, lagunekin txapelketa batean ongi pasatzera, beste hiri batean, eta lehiaketa bat barrutik nolakoa zen ikustera". Epaimahaien preferentziak ezagutu nahi zituen, eta dantzaren munduko jendea ezagutu. Beste dantza eta koreografia batzuk ikusi nahi zituen ere, "beste estilo eta teknika batzuk ezagutu".
Txapelketa horretan epaimahaiak sari bereziak ematen ditu, eta horietako bat Madrilgo 180 Danza eskolan aritzeko beka bat da, eta Urabayenek irabazi zuen. "Udako ikastaroetan parte hartzeko erdia ordaintzen zidaten. Iker Karrera eta Fernando Lazaro dantzari eta koreografoek sortutako dantza eskola dela azaldu du altsasuarrak, eta ikasketa profesionala eskaintzen dute. Musikaletarako, iragarkietarako eta abarretarako trebakuntzak egiten dituzte. Dantzaren munduan "zure lekua aurkitzeko" lan handia egiten dutela azaldu du. Udako ikastaroan parte hartzeko, dantzariak nahi zituen klaseak aukera zitzakeen, eta Urabayenek bere estiloarekin bat egiten dutenak aukeratu zituen. Uztailaren hasieran astebete egon zen Madrilen, dantza eskolan.
Goi mailako irakasleak izan zituen: Clara Perezek jazza ematen zuen, Iker Karrerak jazz funka, Fernando Lazarok jazz musikala eta Marta Lopezek Balleta "Balletaren oinarria behar nuen, baina jakin nahi nuen normalean egiten dudanarekin alderantzea eta horregatik hartu nuen klasikoa, zerbait berria probatu nahi nuen, eta horregatik jazz musikala hartu nuen. Iker Karrerarena egundokoa iruditu zitzaidan orain asko lantzen den estiloa delako, eta leku askotan ikusten da dantza estilo hori. Clara Perezekin hartu behar nuen bera izan zelako beka eman zidan epaimahaikidetako bat, eta hori da gehien gustatzen zaidan estiloa". Jazz estiloa, orokorrean, estiloen nahasketa bat da. "Jazz musikala edo lirikoa ez dira berdinak, baina antzekotasunak dituzte; ez da garaikidea bezain gogorra edo balleta bezain zurruna".
Fama
"Esperientzia polita izan da, baina mundu hau gogorra dela ikasi dut ere"
Ikastaroan "asko ikasi" duela esan du Urabayenek. Jende asko ezagutu du ere: "ACADEko azterketak prestatzen ari den jendea, bere helburuak argi dituztenak. Eta motibatu naute". Txikitan Fama a bailar! saioan telebistatik ikusten zituen irakasleak izan ditu, "ilusio handia sortu zidan, eta asko ikasi dut" .
“Oso gogorra dela ikasi dut ere, helburu bera daukan jende asko dagoelako. Lan handia eta gogorra egin behar da. Zeure burua saltzen eta lotsak alde batera uzten ikasi behar dugu". Madrilgo dantza eskolan "iniziatiba pixka bat izaten eta jendeak zu ikustea" beharrezkoa dela irakasten dute. "Haiek oso ongi dakite nola egin hori". Noizbait Fama bezalako saio batean parte hartzeko deialdia badago aurkeztuko dela aurreratu du altsasuarrak.