Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko Arabako diputatu eta Aliantza Berdeko koordinatzaileak bere kezka adierazi zuen ostiralean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari egindako galdera parlamentario baten bidez, Arabako Lautadan trenen zerbitzua murrizteagatik. Lopez de Uraldek gogorarazi du 2020ko martxoan, alarma egoera ezarri zenetik, Renfek bertan behera utzi duela Altsasu eta Gasteiz artean eskaintzen zuen goizeko trena. Lineak geldialdiak egiten zituen Altsasun, Araian, Agurainen, Dulantzin eta Gasteizen.
Lopez de Uralderen gogorarazi zuenez, “Renfeko presidente Isaias Taboasek martxoan iragarri zuen garagarrilerako zerbitzu guztiak berrezarriko zituztela, Altsasu eta Gasteiz lotzen dituen goizeko trena barne”. Diputatuak jakinarazi duenez, berreskuratu den trena Miranda de Ebrotik eta Arabako hiriburutik doana da, ez, ordea, Altsasu eta Gasteiz artekoa.
Goizeko zortziak aldera Altsasutik (Araia, Agurain eta Dulantzin geralekuekin) Gasteizera heldu zen azken zerbitzua 2020ko martxoaren 14an izan zen. Garagarrilean zerbitzuak berrezarri ez zituenez, Renfek jakinarazi du lastailean berrezarriko duela tren zerbitzu hori. Zerbitzua berrezarri ez izanaren arrazoiak jakin nahi ditu diputatuak. Gaineratu zuenez, “distantzia ertaineko zerbitzuak murriztea ez da bateragarria mugikortasun jasangarriaren beharrezko bultzadarekin”.
Lopez de Uraldek adierazi zuenez, “trena da garraiobiderik egokiena emisioak murrizteko, baina baita herrialdearen gizarte eta lurralde kohesiorako ere. Horregatik, ezinezkoa da lurralde-kohesio horretan aurrera egitea, Altsasu eta Arabako Lautada bezalako lurralde nukleoak lotzen dituzten distantzia ertaineko zerbitzuak kenduz”.
Diputatuak esan zuenez, “ez da harro egotekoa Espainia izatea Europako lehen herrialdea eta munduko bigarrena, Txinaren ondoren, Abiadura Handiko Tren kilometro gehien dituena, eta, aldi berean, distantzia ertaineko lineak desegiten jarraitzen duena. Linea horiek dira lurraldea benetan lotzen dutenak”.