Altsasuko elizan lanak egiten ari dira

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 09:22

Eliza margotzeko lanak egiten ari dira, eta horretarako aldamioak jarri behar izan dituzte. 

Astearteaz geroztik ezohiko irudia dago Altsasuko elizan: fededunak esertzen diren aulki guztiak pareta baten kontra baztertuta, plastikoz estalita; plastiko handiak lurrean zabalduta; guraize plataformak; aldamioak… Eta langileak. Margolariak zehazki. Rafael Aierra apaizak azaldu duenez,  “garbiketa eta margotze premia zuen elizak”. Lanak irauten duten bitartean elizkizun guztiak Otadiko Kristo Deuna ermitan egiten ari dira. 

Aierrak azaldu duenez, aztertzen egon dira kapera txiki bat egiteko aukera, Etxarri Aranatzen bezala. Horrela, astean zehar mezara joaten den jendea bilduago legoke eta hura berotzea merkeago litzateke. Baina halakorik egitea ezinezkoa dela azaldu du apaizak. Etorkizunean, hori bai, elizari itsatsia dagoen etxea berritu nahiko luketela adierazi du.