Arte erakundeendako dirulaguntza deialdia eginen du udalak

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 11:01
Altsasuko bandera eta altsasuarrak festei hasiera emateko zain. ARTXIBOA

Herrian arte jarduera sustatzen duten kultur erakundeek izanen dute aurkezteko aukera.

Altsasuko Udalak arte erakundeendako dirulaguntza deialdia egitea onartu du. Eta hura 5.548 euroko aurrekontuarekin hornitu du. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, interesa duten erakundeek 15 egun baliodun izanen dituzte beraien eskabideak udaletxean aurkezteko. 

Deialdian interesa dutenek bete beharreko baldintzak honakoak dira: erakundeek egoitza Altsasun izatea eta bere jarduera, lehentasunez, herrian garatzea; irabazi asmorik ez izatea; elkartearen helburuak dirulaguntzaren zioekin bat etortzea; zerga betebeharrak egunean izatea; jarduera programan Altsasun gutxienez emanaldi bat izatea aurten; proiektua ekonomikoki bideragarria izatea eta genero berdintasuna sustatzea.  

Emandako dirulaguntzak
Irabazi asmorik ez duten erakundeendako dirulaguntzen deialdia ebatzi du udalak eta bi erakunde izanen dira onuradunak: Anfasek 3.296,39 euro jasoko ditu eta alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten pertsonen senideak biltzen dituen Afan elkarteak, berriz, 2.900 euro. Azkenik, udalak hitzarmena sinatuko du Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntzarako eta Defentsarako Elkartearekin, Adavanekin. Aldeek hitzartutakoaren arabera, elkarteak Gure Etxea eraikineko gela bat erabiltzeko aukera izanen du, bere bilerak egiteko edota amiantoak edo asbestoak kaltetutako pertsonei aholkularitza emateko.