Altsasuarren txoko gogokoena zein den galdetuta, gehienek San Pedro aipatuko dute. Urdiainekin elkarbanatzen duten ermita bada ere, altsasuarrendako berezia da, eta hala da Naiara Diezendako ere. Altsasun bertan dagoen natura espazio bat dela esan du saskibaloi jokalaria izandako altsasuarrak. Ekainaren 29an ermitaren inguruan ospatzen den festa berarendako "oso polita" dela esan du ere.
Erromeria
San Pedro eguna altsasuarren egutegitan gorriz markatutako eguna da. "Herri osoa egoten gara hor, kuadrillakoekin elkartzen gara eta guztiak hor egoten gara". Herrikideekin elkartzea eta mahaiz mahai ibiltzea "oso gauza garrantzitsuak" direla azaldu du Diezek. "Hori hor bakarrik gertatzen da, edo herri txiki batean". Altsasukoendako zerbait "normala" da, baina mundua ikusi ondoren - "beste leku batzuetan egon naiz"- bueltatzean zein garrantzitsua den ikusi duela esan du, "guretako hain arrunta den gauza bat".
San Pedroko ingurua ekainaren 29ko ospakizunetarako ez ezik, "paseotxo" bat emateko ere leku aproposa dela esan du saskibaloi jokalariak. "Gurasoekin eta lagunekin askotan joaten naiz. Ez bakarrik San Pedro, inguru guztia da ederra. Dantzalekun paseatzen garenean ere izugarria da". Txoko "berezia" dela esan du. "Natura hor daukazulako, Altsasun bertan, ez da autoa behar". Naturan bertan egotea azpimarratu du Diezek.
Ermita
San Pedro baseliza Altsasu eta Urdiaingo mugan dago, Sanpedrozelain, harizti baten erdian. Laukizuzen itxura du, eta bi isuriko estalkia dauka. Aldarea Urdiaingo aldean dago, eta sainduaren irudia dago. Hegoaldeko atean A/U letrak daude, bi herrien arteko muga zehazten dutenak. Altsasuarrek ekainaren 29an ospatzen dute erromeria, eta hurrengo igandean urdiaindarrek. Kondairaren eta ermitaren ate nagusiaren gainean dagoen harlauzaren arabera, 717. urtean Gartzia Ximenez Nafarroako Errege bertan koroatu zuten.
2020ko maiatzaren 10ean oinaztura batek Sanpedrozelaiko haritz bat jo zuen, eta haritza barrutik erre zen. Haritz horren pean San Pedro gunean Altsasuko txistulariak aritzen ziren. "Aste pare bat pasata han egon nintzen haritza ikusten. Erromeria zirudien, jende guztiak ikusi nahi zuen". Pena izan zela esan du Diezek, "baina horrela gertatzen dira gauzak naturan. Hor jo zuen oinazturak, baina orain berpizten ari da".