Ospakizuna 17:30ean hasi zuten dendariek beraien taberna zabalduz eta, aldi berean, Olleta eta Sagarralekuko Baldorba naturel sagardo ekologikoa txotxetik dastatzeko aukera izan zen. Arratsalde eta gau partea Dj Sergueyren doinuek alaitu zuten. Txikienek aurpegi margotze eta marrazketa eta maskara txokoetan parte hartzeko aukera izan zuten. Eta edozeinek aukera izan zuen landarez egindako eskumuturreko bat eskuratzeko.
Musika behin bakarrik eten zen, ADEko kide Arantxa Igual eta Miren Ainhoa Alvarez Diaz de Arkaia kioskora igo eta hitza hartu zutenean. Elkartearen izenean biek Eduardo Alvarori (Norte erloju-denda) eta Juan Alonso Asensiori (Asensio moda) plaka bana eman zieten. ADEk horrela omendu zituen herriko bi merkatari jubilatu berriak. Biek elkartearendako eta beraien bezeroendako esker oneko hitzak izan zituzten. Omenaldiaren ondoren, haurren gozagarri, buruhandiak plazara atera ziren. Eta lasterketa, musika, eta tragoen artean, jateko garaia ere iritsi zen: 75 kilo txistor erre eta 700 pintxotan banatuta eman zituzten ADEkoek beraien festan.
Ospakizun horren aurreneko bi edizioak neguan egin ziren, baina ADEko kideek data aldatzea egoki jo zuten, eta 2019an festen aurretik ospatu zen. Pandemiaren bi urteko etenaren ondoren, aurten, atzera ere, herriko festen aurretik atera dira dendariak kalera. Bosgarren festa iritsi bitartean, ADEtik herriko denda establezimenduak festei begira antolatutako erakusleiho lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte. Eta altsasuarrak eta sakandarrak haiek ikustera, eta, denden barrura sartzera gonbidatu dituzte.