21. urtez zirku jaialdia izanen da Altsasun

Guaixe 2022ko abu. 30a, 12:01

Bamboleo konpainiaren 'Circus feria' ikuskizuna. UTZITAKOA

'Ezin zailagoa' festibala izanen da bihar, iralak 3, larunbata, Iortia kultur gunean. Bi proposamen eskainiko dituzte: Bambolea konpainiaren 'Circus Feria' ikuskizuna eta Berdinki Zikoa konpainiaren 'Mikra' ikuskizuna.

Ezin zailagoa zirku jaialdia duela 21 urte sortu zuten Nafarroako bost herrik. Ideia nagusia herri guztietan programa bera egitea zen; arte eszenikoen konpainiak herrietatik bira bat egitea, alegia. Herri horietan udan kaleko programazioa egitea pentsatu zuten, eta kalean egiteko ikuskizun egokiena zirkua da. Hortaz, kaleak girotzeko eta zirkua hedatzeko helburuarekin zirku jaialdia sortu zuten.

Gaur egun, Tuteran, Uharten, Vianan, Altsasun eta San Adrianen egiten da Ezin zailagoa jaialdia, eta urtero ikus-entzule gehiago hartzen du jaialdiak. Emanaldiak kalean egiten direnez, pandemiako urteetan ere aurrera egin du festibalak. Tradiziozkoa bihurtu da. Altsasuren kasuan, festen aurreko ekimenen artean dago. Altsasura irailaren 3an, larunbatean, iritsiko da zirku jaialdia. Aurretik Tuteran eta Uharten izan da festibala, eta gaur, irailak 2, ostirala, Vianan izanen da. Igandean, irailaren 4an, amaituko da San Adrianen. Iortia zabalgunean Bambolea eta Berdinki konpainiak ariko dira, 17:00etatik aurrera.

Zirku konpainiendako jaialdi garrantzitsua da Ezin zailagoa, zirku karabana bihurtzen delako. Bost egunetan bost bolo egiteko aurrera dute. Gainera, haien artean elkar ezagutzen dute, ia elkarrekin bizi direlako.


Berdinki konpainiaren 'Mikra' ikuskizuna. UTZITAKOA

Jaialdian goi mailako konpainiek parte hartzen dute. Zirku garaikidea eta ideia berriak aurkezten dituzte, eta erreferentziazko zita bihurtu da. Bambolea konpainiak Circus Feria ikuskizuna aurkeztuko du, 17:00etatik 20:00etara. Ikuskizun bat baino gehiago ere bada, bi ordutan zehar lau etxolaz ostatuko zirku feria bat sortuko dutelako Iortia zabalgunean. Familiei bideratutako ekimena da. Berdinki konpainiak Mikra ikuskizuna eskainiko du. Generoari egozten zaizkion etiketak ikusarazten dituen pieza da, eta adin guztietarako emanaldia da.

Zirkua
Arte eszenikoen diziplinak uztartzen dituen zirkuaren aldeko apustua egiten dute Ezin zailagoa jaialdian. Beraz, zirku diziplinetako akrobaziak eta malabarismoak, dantza edota musika uztartzen dituzte konpainiek. Jaialdian parte hartzen duten taldeak Pirinioetako Zirku proiektuan aukeratzen dituzte, eta 200 bat konpainiaren lanak ikusten dituzte hautaketa egiteko.

2022ko Ezin zailagoa jaialdia

'Circus Feria', Bambolea
17:30-20:00, Iortia zabalgunean
Bi ordutan zehar, lau etxolaz osatutako zirku feriaz gozatzeko aukera izango dugu; bertan uztaiak botiletan sartzen, puxikak lehertarazten eta ilusio optiko eta erretenekin jolasteko aukera izango dugu. Clown, malabarrak, Hula Hoop eta Cyr gurpila edo masta txinatarra izango duten 30 minutuko zirku ikuskizunarekin itxikok da azoka.

'Mikra', Berdinki Zirko
20:00-20:45, Iortia zabalgunean
Mikra generoei egozten zaizkion etiketak ikusarazten dituen pieza bat da, hizkuntza eszeniko gisa zirkuko hainbat diziplina akrobatiko erabiliz, eta agerian utziz askotan ez garela dirudiena. Iraia Elias Muniain eta Amancay Gaztañaga Sagarzazu dira zuzendariak eta Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta dira eszenan agertzen diren artistak.