Alfonso Nuñez Lezea

"Aurtengoa ikaragarria izan da, desastrea"

Alfredo Alvaro Igoa 2022ko ira. 7a, 12:37

Kirolarekin lotura duten jarduerengatik ezaguna den Alfonso Nuñez Lezea altsasuarrak badu zaletasun bat: erlezaintza. "Orduak, beroa… gustatu behar zaizu". 

Lehorteak erleei ere eragin die.

1. Noiztik erlezain?
Aitak eta haren lagun batzuek erleak zituzten. Jakin-mina piztu zitzaidan, kuriositatea eta poliki-poliki hasi nintzen. Orain arte. 

2. Zer behar da erlezaina izateko?
Natura gustatzea, herriaren ingurua, mendia, larreak… Eta, jakina, erleak kokatzeko toki aproposa izan behar da. Ez da erraza. 

3. Non jartzen dira erlauntzak?
Ahal den tokian. Baina kokatzeko arauak badaude, neurriak, biderako distantziak eta abarrak. Hori errespetatzea nahiko erraza izaten da. Zailena leku apropos batean kokatzea da: oso eguzkitsua, babestua…

4. Kokapenaren arabera izanen da ekologikoa, edo ez?
Ekologikoa izateko hainbat distantzia mantendu behar dira: herriak, errepideak, lantegiak…  Altsasun, esaterako, ez da erraza. Nik erlauntzak Dermaun eta Ulaiarren ditut, eta errepideak pasatzen dira, gasolindegiak daude… Baina nik ezin diet erleei esan halako lekuetatik ezin direla pasa, libre doaz. Bestalde, tratatu behar den gaixotasunen bat badute, tratamendurako erabiltzen den produktuaren arabera eztia ekologikoa izanen da, edo ez. 

5. Erlauntza asko dauzkazu?
Zaletasun bat izateko, gehiegi! 30 bat. Gazte-gaztea ez naiz. Momentu jakinetan eztiz betetako kutxak erle tokitik autoraino mugitu behar dira. Eta, hain justu, bero egiten duen garaian. Erlauntzak ezin dira zabaldu hotza egiten duenean. 

6. Zer lan eskatzen dute erleek?
Betidanik egon dira naturan, baina Altsasun, mendian, gero eta gutxiago ikusten da, pixkakan jaisten ari da. Zikloa udaberri hasieran hasten da, esnatzen direnean, lehendabiziko loreekin, esene loreekin (txikoria belar edo Taraxacum officinale) mugitzen direnean. Orduan hasi behar da haien etxea handitzen edo behar duten tokia egokitzen. Uda garaian pixka bat lasaiago izaten da, bere erritmoa dutelako. Uda bukaeran ezti bilketa hasten da. Nik beste zeregin batzuk ditudanez, ez ditut ordu asko sartzen. Esaterako, ez ditut hartzen propoleoa edo polena. 

7. Erlauntzak batetik bestera mugitzen dituzten erlezainak ere badaude, ezta?
Horrela ibiltzen direnek beharbada mila erlauntza dituzte. Horretarako kamioiak eta garabiak dituzte. Eta ez dute beste erremediorik: eztia eta bizimodua ateratzeko, erlauntzak mugitu behar dituzte: orain txilarrera, orain gaztainondora…  

8. Eztia atera ondoren, zer?
Etxean txokoa eta lanabesak prest ditut, eztia ateratzeko: zentrifugatzailea, ontzailea… Eztia atera eta poteetan sartzen dut. Urtearen arabera, 200 edo 300 kilo izaten ditut. Niretako, lagunei saltzeko… Hori bukatu ondoren, erleak negurako prestatu behar dira, eta hainbat gauza egin behar dira, esaterako, etxea txikitu, nahikoa ezti utzi negua pasa dezaten. Dezente behar dute; bestela, janaririk gabe, hil egiten dira. Beraz, behar dudana hartzen dut, eta behar dutena uzten diet. Nahiko ondo moldatzen naiz. 

9. Aurtengoa uda berezia da: lehortea, euri gutxi. Landareek ez dute lorerik eman. Nola moldatu dira zure erleak?
Eguraldia aldatzen ari da; txikia nintzenetik gaur egunera pila aldatu da. Neguak ez dira gogorrak izaten; udak lehorragoak dira. Baina aurtengoa ikaragarria izan da: zein lehorra! Zer-nolako berotasuna! Desastrea izan da. Lore batzuk atera dira, baina euririk egin ez duenez, berehala lehortu dira. Bero oso zakarra egiten baldin badu, erleek ez dute polena edo nektarra loretik oso erraz hartzen. Aurten haiendako janaria izanen dute, baina niretako gutxi izango da. 

10. Horrelakoetan urrutiago joan beharko dute lore bila?
Liburuen arabera, erleak erlauntzetik 2 kilometrotara mugitzen dira, indarra badute. Baina bero zakarra egiten badu, erlauntza barruan gelditzen dira, hegalak astintzen, barruko tenperatura jaisteko, esaterako. Edo ura hartzen. Baina lorez lore ez dira ibiltzen, ezer egiterik ez dagoelako. 

11. Tokatu zaizu jana eman beharra?
Batzuetan, bai. Baina hori, normalean, udaberri hasieran gertatzen zaigu. Altsasun eguraldia nahiko berezia izaten da, zeren batzuetan otsailean edo martxoan udaberria oso fuerte hasten da. Orduan, erleak naturarekin batera hasten dira, bere erritmoaren: arrautza pila jartzen dute… Barruko aldean behar pila dituzte, baina, bat-batean, eguraldia hozten da, gelditzen da, eta ez dute barrura janaririk sartzeko aukerarik. Desoreka sortzen da. Hori kontuan hartuta, batzuetan janari berezi bat eman behar zaie. Ez da azukrea. 

12. Uda honetan tokatu zaizu janaria ematea?
Ez, begira, espero dut ezetz. 

13. Hori gutxi ez, eta Asiako erlamina hemen dago. Dagoeneko elkarren berri baduzue, ezta?
Bai. Egia esan, politak dira. Zer nolako animaliak dauden naturan! Baina penagarria da, hau ez baita bere tokia. Hemen bizi diren animaliek, erleek barne, ez dute ezagutzen. Eta, beraz, ez dute ez tresnarik ez ezer babesteko. Nahiko tristea da joatea erlatokira eta ikustea Asiako erlaminak erleak harrapatzen, eta erleak, beldurtuta, erlauntzetik atera gabe, edo bueltatzean harrapatu eta hiltzea. Nahiko tristea da. Erlamin horiei buruz betiko gauzak dakizkigu. Nafarroako Gobernuak edo erakundeek ez dute interes handirik erremedioren bat aurkitzeko. Badaude hainbat, baina oso zaila da. Hasteko, oso zaila da beraien kabia aurkitzea. 

14. Zein tokitan jartzen dituzte kabiak?
Lehenik bat egiten dute, primarioa. Ondoren, bigarren bat. Aurrenekoa aterpeetan, herrien ondoan egiten dute, ongi babestuta. Beti-beti, errekaren ondoan. Hilabete pasa ondoren bigarren kabia egiten dute, zuhaitz altuetan, txipuetan-eta, erreken ondoan… Nahiko zaila izaten da ailegatzeko. Nahiz eta kabia ikusi, edo jakin non dagoen, jendeak, edo udalak, ez daki nori dagokion kentzea. Argi dago eraikin publiko batean bada, suhiltzaileei dagokiela. Baina zure etxea bada, hor konpon. Eta mendian bada, basozainei dagokie. Baina ez dago oso argi. Duela 5 urte inguru Ingurumen Departamentuko langile batekin hitz egin nuen eta esan zidan Sakana ez zela toki aproposa Asiako erlamina ugaltzeko, batez ere neguan izotza egiten duelako.

Apidenako bazkide naiz, Nafarroako erlezainen elkartekoa, eta bere albaitariak, oso aditua da erle kontuetan. Aurten esan zigun bero handiekin Asiako erlaminak ez direla oso eroso sentitzen. Uda honekin gutxitzen ari dira. 

15. Noiz egiten dute lehen kabia? Eta bigarrena?
Ez naiz oso aditua, baina badakit nola funtzionatzen duten. Negua hasi baino lehenago, erreginak kabia nagusitik ateratzen dira eta krisalida antza-edo hartzen dute. Zuloetan estaltzen dira. Udaberrian edo beroa hasi bezain pronto, atera eta lehendabiziko kabia sortzen dute. Erregina horiek ez ugaltzeko, oso garrantzitsua da erreginak harrapatzea. Botila bat ur azukredun eta beste erabiltzen dira horretarako. Erregina barrutik atera behar ez denean, handitzen hasten dira eta bigarren kabira joaten dira. Eta han hurrengo erreginak sortzen dira. Horregatik, oso garrantzitsua da kabiak lastaila baino lehenago kentzea. 

16. Beraz, orain abisatu behar da?
Hori da! Erleei eta edozein intsekturi onura eginen die. Kabiak oso bitxiak dira. Marroi argiak dira, kartoia bezalakoak. Zulotxo batzuk dituzte, eta hurbiletik ikusten da mugitzen direla. Izan daitezke oso-oso handiak. Hemen Altsasun ez, baina badaude tokiak hondartzako baloiaren antzekoak edo handiagoak direnak. Nik ikusi ditut dozenaren bat, eta denak baloiak bezain handiak ziren. Normalean ikusten dira zuhaitzen hostoak erortzen diren momentuan. Kontuan hartu oso arriskutsuak direla. Urtero-urtero istripuren bat dago haiekin. Haien inguruan ibiliz gero, edo makinarekin belarra moztean, oso oldarkor jartzen dira. 

17. Asiako erlamina, lehortea, kutxak gora eta behera, lana etxera ekarri… Eta, hala ere, erlezaintzak merezi du?
Zure gustukoa bada, bai. Nire lanarekin zerbait ona egiten dudala jakite hutsa asko da, edo naturaren alde egiten dudala… Betidanik izan naiz oso naturazalea. Hori da nire ekarpena da. Ongi sentitzen naiz. Eta eztia gustatzen zait. Eta gustatzen zait erleekin nagoenean: haien usaina, nola mugitzen diren, nola egiten duten hegan, nola hartzen duten polena, polenaren koloreak nolakoak diren, nondik hartzen duten… Eta jakinda bere lana funtsezkoa dela naturarendako, nik jarraituko dut, pozik.