Altsasuko mendizaleak eta klinikaren eskutik Pirinioetara joanen dira

Guaixe 2022ko ira. 1a, 09:26

Txamantxoia mendia. WIKIPEDIA

Irailaren 3rako, larunbata, Linza haraneko Txamantxoia mendira irteera antolatu dute Altsasutik. Autobusa dohainik da. 

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Josefina Arregi klinikaren lankidetzarekin batera mendi ibilbidea antolatu du larunbatean, irailaren 3an. Autobusa autobus geltokitik 07:00etan abiatuko da Linzako aterpera eta mendizaleak 09:00etan ekinen diote Txamantxoia mendia igotzeari. Tontorrera 11:00etarako iristea aurreikusi dute, eta Linzarako itzulera 13:00etara. Mendi ibilbide erraza dela jakinarazi du mendizale taldeak. Goizerako janaria eta edaria, makilak, argazki kamera eta gogoa eramatea gomendatu dute. 

Irteera horren bidez mendizale taldeak Josefina Arregiko langileak zoriondu nahi dituzte, ″eskaintzen duzuen giza zerbitzuagatik″. Horregatik, langileen gozamenerako eguna antolatu dute. Taldetik azaldu dutenez, dagoeneko hainbat langilek, altsasuarrek eta taldekidek izena eman dute. ″Asmoa da urteroko hitzordua izatea″, jakinarazi dute Altsasuko Mendigoizaleak taldetik.