Pilota

Baikok pilota jaialdia ekarriko du Altsasuko festetara

Guaixe 2022ko ira. 8a, 10:00
2021eko Binakako txapeldunordeek elkarrekin jokatuko dute Altsasun. ASPE

Irailaren 14an, festetako lehenengo egunean izanen da pilota jaialdia. Lasok eta Imazek eta Jakak eta Mariezkurrenak jokatuko dute partida nagusia. 

Irailaren 14an, asteazkenean, hasiko dira Altsasuko festak, eta kirolarako parada egonen da ere. Festak eztanda eginen duen egun berean Baikok Burunda frontoian pilota jaialdia antolatu du, 18:00etatik aurrera. Lehen partidan Alberdik eta Larunbek Zubizarreta III.a eta Elizegi izanen dituzte aurkari, eta partida nagusian Unai Lasok Ander Imazekin osatuko du bikotea, Erik Jakaren eta Jon Mariezkurrena II.aren kontra jokatzeko. 

Sarrerak salgai daude Baiko eta Aspe enpresen ohiko webgunean. Kantxako sarrerek 30 euroko balioa dute eta harmailakoek, aldiz, 15 euroko balioa.