Errepresioaren kontrako Ospa! mugimenduko kideek larunbatean adierazi zutenez, ″poliziarik gabeko gizarte batean sinisten″ dutela. Horregatik, larunbatean elkartu zirenek ″edozein polizia indarren kontra beti ozen agertuko″ direla esan zuten; ″ ez dugu poliziarik nahi plazetan, kaleetan, jai guneetan″. Helburu hori lortzeko ″borrokan, antolakuntzan, eztabaidatzen errepresioa salatzen eta hari aurre egiten″ segitzeko deia egin zuen.
Ospako kideen iritziz, ″ezagutu dugun krisi handienaren ateetan gaude eta burgesia bere matoi uniformatuek gizartean betetzen duten papera justifikatzen eta defendatzen ari da, dituen indar eta baliabide guztiekin″. Izan ere, ″burgesiak badaki polizia indarrek heldu diren urteetan berebiziko papera jokatuko dutela″. Ospako kideen iritziz, ″polizien normalizazio kanpainan burgesiak erabili duen tresna eraginkorrena alderdi politikoak dira. Bereziki, gobernuan dauden edo hura sustengatzen duten indar sozialdemokratak″.
Ildo berean, ″poliziaren arazoa kapitalaren dinamiketatik aldendu eta eredu kontu bat dela″ diotenak ere badaudela gaineratu zuten. ″Arriskutsuak dira hainbat politikarik Ertzaintzaren alde botatako hitzak, Mutrikuko EH Bilduk Jai Batzordean parte hartu nahi zuen zipaioari emandako babesa, edo Ernaik Berriozarren Foruzaingoa defendatzen eta babesten aritzea″. Azkenik, salatu zuten bi urteetan poliziak altsasuarrei 30.000 euroko balioko isunak jarri dizkiela.