Itaiako kideen iritziz, ″egungo festa ereduak eraso matxistak gauzatzeko baldintzak jartzen ditu. Horregatik, ezinbestekoa ikusi dugu emakume langileon babeserako tresnak indartzea″. Hori dela eta, Itaiakoek indarkeria matxistari aurre egiteko ″mekanismo propio eta independenteak garatzeko beharra″ ikusi dute. Horregatik, festetako bi egunetan etxeratze kolektiboak eginen dituzte, ″emakumezkoak etxera seguru eta lagunduta bueltatzeko″. Azaldu dutenez, ″tresna horren helburua da Sakanako emakumezko langileon segurtasuna bermatzea. Gure artean babesa antolatzeaz aparte, independentzia politikoz antolatzeko gaitasuna handitzea ere bada xedea″. Horregatik, Itaiako kideek ″indarkeria matxistari aurre egiteko etxeratze kolektiboetan parte hartzera deitu dute″.
Sakanako indarkeria matxistaren errealitatea ezagutu eta analisi osatuagoa egiteko, Itaiak inkesta zabaldu zuen garagarrilaren akaberan. Inkesta erantzun zuten gehienak emakumezko gazteak izan ziren. Inkestaren ondorioetako bat izan zen inkesta erantzun zuten emakumezkoen %63k etxerako bidean beldurra pasa zuela. Horregatik, Itaiak etxeratze kolektiboak antolatu ditu Altsasuko festetan. Horretaz aparte, inkestak beste emaitza batzuk eman zituela jakinarazi dute Itaiakoek: inkesta erantzun zuten emakumezkoen %76k noizbait sufritu du indarkeria matxista bere bizitzako testuingururen batean (hezkuntza, lana, sare sozialak, lagun artean, bikotekidea edo jai giroa); %73ren ustez festa giroak erasoa izatea errazten du eta %77k festa giroan eraso matxistaren bat sufritu du noizbait. Itaiako kideen iritziz datuak ″larriak″ dira.
Bestalde, ″erasoen kontrako jarrera irmoa″ adierazteko, ziztaden kontrako kontzentrazioa egin zuten ostiralean. Itaiako kideen iritziz, ″guztion ardura da erasoei erantzutea, baita prebentziorako tresnak zein jarrera azaltzea ere″.