Pentsio duinen aldarrikapena, atzera ere, kalean

Guaixe 2022ko ira. 12a, 08:41
Pentsio duinen aldeko aldarrikapena kalera bueltatu da irailarekin batera.

Udako etenaren ondoren, asteleheneroko kontzentrazioak bueltatu dira; irailaren 12an, astelehenean, Altsasuko Zumalakarregi plazan elkartuko dira. 

Sakanako Pentsio Duinen aldeko Plataformak deituta, eta udako etenaren ondoren, 25 bat pertsona elkartu ziren Altsasuko udaletxe parean joan den astelehenean. Elkarretaratzeak astelehenero egiten dituzte, 12:00etan, udaletxearen aurrean eta Zumalakarregi plazan tartekatuz. Irailaren 12an Zumalakarregi plazan izanen da. 

Mugimendutik nabarmendu zutenez, ″energiaren oligopolioak eta banku handien etekinek errekorrak hausten ari dira. Prezioak igoz aberasten dira; langileek eta pentsiodunek gure erosteko ahalmena galduz eta gure bizi eta lan baldintzak okertuz ordaintzen ditugu beraien onurak″. 

Mugimenduak, atzera ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioak urteko Kontsumo Prezioen Indizearen pare eguneratzea aldarrikatu zuen. Eta pentsio sistemaren defizitaren inguruan esan zutenez, ″argi geratu da defizit hori pentsioen sistema publikoak ordaindutako gastu desegokiak baino ez direla″. Gogorarazi zutenez, pentsioen %51 ez da 1.000 eurora iristen.  ″Erreformen ondorioz, pentsioak gero errakitikoagoak dira. Azaldu zutenez, ″ emakumezko pentsiodunek, bataz beste, gizonezkoen pentsioak baino %30 txikiagoa dute pentsioa″. Eta ″gero eta pertsona gehiagorendako soldatak bizitza duin eta autonomoa garatzeko nahikoak ez″ direla azpimarratu zuten. 

Hitzordua
Pentsiodunek jakinarazi zutenez, lastailaren 15ean Espainiako Kongresuaren parean mobilizazioa eginen dute. Pentsio sistema publikoa bermatzearen alde estatu guztian jasotako sinadurak aurkeztuko dituzte egun horretan. Sakanan 700 bat sinadura jaso zituen mugimenduak.