Isphordingeko instalazio zaharrak eraitsi eta zorupea deskontaminatuko dute

Guaixe 2022ko ira. 13a, 11:19

Goian Isphording enpresa zena. SITNA

Nasuvinsa enpresa publikoak lan horiek emateko deialdia egin du.

Altsasuko Geltoki kalearen 24. zenbakian Isphording enpresa zena dago. Nasuvinsak haren eraikin zaharrak bota, obra hondakinak atera eta lursaila garbi utzi nahi du. Lan horiek despeditu ondoren zoru azpitik kutsadura kentzeko lanei ekinen litzaieke. Egiteko horiek hamar hilabeteko epean egitea aurreikusi du Nasuvinsak, aurten hasi eta heldu den urterako lanak bukatuta egoteko. Eraistea eta kutsadura kentzeko hiru hilabete beharko lirateke eta gainontzeko zazpi hilabeteak kontrolerako epea litzateke. Obrak 529.970,99 euroko aurrekontua du (BEZ barne). Enpresa hartzaileak aurten 105.994,2 euro jasoko lituzke eta heldu den urtean, berriz, 423.976,79 euro.