Mikel Irujo Amezagak, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariak eta Arantxa Tapia Otaegik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Altsasun bilera egin zuten hilaren batean. Hego Euskal Herriko bi administrazioetako kideen bilera "bi gobernuen arteko elkarlana sakontzeko" izan zela azaldu zuen Irujok. Foru kontseilariak azaldu zuenez, "momentu zail baten aurrean gaude. Izan behar ditugun eztabaidetan energiaren gaia mahai gainean egongo da, ezinbestekoa da, eta, horregatik, garatzen ari garen eta garatuko ditugun hainbat politika partekatu ditugu. Martxan ditugun proiektuak lagundu eta bulkatu dezakete sektoreko topaketek". Biek nabarmendu zuten bi erkidegoetan energia gehien kontsumitzen duena industria dela; Nafarroako kontsumoaren %38 da (garraioa %37 eta merkataritza %4). Industrian energia eraldaketa egin behar dela azaldu zuten. Horregatik, Irujok esan zuen "energia eraldaketa egiteko neurri guztiak industria arlora bideratuta egon behar dute. Eta lagundu egin behar diogu". Kontseilari nafarrak ziurtatu zuenez, "eraldaketa lasterketa bat da. Eta lasterketa lehenago bukatzen duena, hobe kokatua egonen da eta lehiakorra izanen da". Esan horiek berretsi zituen Tapiak.
Horregatik, Irujok Espainiako Gobernuari eskatu zion Next Generation funtseko dirua industriara zuzentzeko, batez ere, kontsumo handia dutenei, energia gastu eraginkorragoa eta berriztagarriagoa egin dezaten. Tapiak nabarmendu zuenez, "industriak ikaragarrizko gaitasuna du gure ekonomian aurrera egiteko, eta gure baliabideak aurrera eraman ahal izateko (Nafarroako Barne Produktu Gordinaren %31 da). Gobernuen aldetik laguntzak martxan jarri behar ditugu". Sailburuak ziurtatu zuenez, "energia trantsizio egiteko eta klima aldaketari aurre egiteko energia eraginkortasuna baliabide garrantzitsua da". Tapiak esan zuenez, "berriztagarriak martxan jarri behar ditugu. Baina deskarbonizazioa egiteko gas naturala trantsizio bezala erabiltzea pentsatzen zen, eta ordezkatu egin behar dugu beste biogasa edo hidrogenoa erabiliz. Hau da, alternatibak bilatu behar ditugu. Zentzu horretan lanean ari gara". Sailburuak zehaztu zuenez, "Euskadin azken urtetan %50 gutxitu dugu energia kontsumoa, eta industriak egin du batez ere. Inbertsio asko egin dira, eta bide horretan jarraitu behar da". Gaineratu zuenez, "ez da nahikoa lantegien eta etxeen teilatuekin". Eta autokontsumorako plakez aparte haize erroten eta eguzki plaken parkeak eta bestelako azpiegitura handiak behar direla ziurtatu zuen.
Eraldaketarako ikuspegiak
Irujok esan zuenez, "Ministerioari eskatu diogu energia trantsizioa hiru ildo izan behar dituela: bat, berriztagarri gehiago behar ditugu; bi, autokontsumoa erabat zabaldu behar dugu eta, hiru, energia eraginkortasuna; energia aurreztu behar dugu. Eta bide horretan Ministerioari gizatearendako, merkataritzarendako eta, bereziki, industriarendako laguntza sakona eskatu diogu".
Sailburuak gaineratu zuenez, "Ministerioari hainbatetan esan diogu: ez dira isunak behar. Behar ditugu, beste mota batzuetako dirulaguntza programak eta baliabideak. Gure industriak, gure ekonomia ehunak osoak, biztanleriak orokorrean, baina baita administrazioak ere". Horrela hainbat neurri martxan jarri eta energia gutxiago erabiltzea lortuko litzatekeela ziurtatu zuen Tapiak.
Sailburuak esan zuenez, "neguari begira, badirudi gauzak zaildu egin daitezkeela. Gure ekonomia ehuna prest dago, baina gure laguntza behar du". Bi administrazioek Ministerioari kontingentzia plan bana aurkeztu diote ere.