Hiru urte dira Altsasuko Udala aurrekontuak genero ikuspuntutik lantzen hasi zela. Horretan udaleko arlo guztiek parte hartzen dute. Ondorioz, udalak kudeatzen duen diruarekin zer egiten den aztertzen da: zeinek egiten duen, zertarako erabiltzen den, norendako den eta zeinek disfrutatzen duen diru horrekin. Udaleko Kultura Sailak adierazi izan du Iortia kultur guneko jarduera genero ikuspegitik hausnartzea errazagoa zitzaiola festez eta ospakizunez baino.
Hori kontuan izanik, eta aukera sortu zenez, Berdintasun eta Kultura Sailek eskatuta, udalak erabaki zuen Altsasuko ospakizunen inguruan hausnartzeko parte hartze prozesua egitea. Horretarako eredua Tolosa izan zen. Han, aspaldi, halako prozesua egin zuten. Bi urteko hausnarketaren ondoren festen behatokia osatu zuten, eta indarrean da.
"Festa eta gainontzeko ospakizunetan botere balio handiena dute sinboloek. Sinbolo horiek ez dira bakarrik gizartearen irudia edo isla. Sinbolo horiek osatzen dute gizartea. Eta oso finkatuta daude″
Sinboloez
Udaleko bi sailen ustez herriko ospakizunak ez dira berdinzaleak. ″Festak esan eta buruan agertzen zaizkizun lehen irudiak zein dira? Festetan nor agertzen dira? Koadrilak. Zeinek osatzen dituzte?″ galdetu du Idoia Goikoetxea Gomez berdintasun teknikariak. ″Estereotipoak eta sinboloak dira. Festa eta gainontzeko ospakizunetan botere balio handiena dute sinboloek. Sinbolo horiek ez dira bakarrik gizartearen irudia edo isla. Sinbolo horiek osatzen dute gizartea. Eta oso finkatuta daude″.
Izan ere, balio sinbolikoa ere badute festek. Bere jarduerek ideiekin, emozioekin eta sentimenduekin lotura zuzena dutelako. Ospatzen denak herritarrendako balio handia du. Hala ere, ordena sinboliko bat badago ospakizunetan eta emakumezkoak lan tradizionalei lotuta ageri dira, nahiz eta gaur egun etxetik kanpo ere lan egin.
Gizartearen isla direnez, jendartearen egituren adierazle ere badira festak, eta eliteen eraginak erreproduzitzen ditu. Genero eta klase sistemak agerian gelditzen dira zenbait jardueraren bidez. Ospakizun asko erritualak dira; dimentsio sinboliko handia dute eta gizartean eragin handia dute. Erritualak orden sinbolikoa mantentzeko ihes lerroa ere badira, hau da, ospakizunaren bidez urtean behin halako araua hausteko aukera dago. Erritualak tradizioan oinarritzen dira, eta tradizioaren aldarrikapenaren atzean orden sinbolikoaren mantentzea dago. Sinboloak aldatzea ″lehena eta zailena″ dela nabarmendu du Goikoetxeak. Parte hartze prozesuan agerian geratu zen jendeak sinboloena ikustea zailena zela.
Erritualek, bestalde, iragana eta oraina lotzen dituzte, baina egungo ezaugarriekin. Horregatik, ospakizunak bizirik daude eta eraldaketarako gaitasuna dute. Maila sozial eta sinbolikoa lotuta daude eta bata aldatzean besteari eragiten dio. Aldaketa proposamen batek gizarte errealitatearen zenbait aspektu kritiko ikusgarri egitean krisia sor daiteke. Baina krisia suntsitzailea edo sortzailea izan daiteke. Hala ere, aldaketa ospakizunetan eta erritualetan egitea zailagoa da beste espazioetan baino. Izan ere, ospakizunak gizarteko beste espazioetatik kanpo baleude bezala jokatzen da.
Beste gako batzuk
Ospakizunak berdinzaleak ez direla ere adierazten du lanaren banaketak: ″Nortzuk egiten dituzte lan batzuk? Nortzuk beste batzuk? Nortzuk daude antolakuntzan? Nortzuk lanean?″ Emakumezkoek pairatzen dute espazio publiko eta pribatuaren arteko bereizketa. Eta lanaren banaketa tradizionala: haurren zaintza, garbiketa lanak… ″Noiz sartzen dira emakumezkoak ospakizunetako erritual garrantzitsuetan? Nahikoa gizon ez dagoenean; bigarren mailako jarduera bat denean; mugimendu feministaren ondorioz, edo erakunde publikoen konpromisoen eraginez″.
Bestetik, egiturazko indarkeria matxista dago, ″emakumeak parte hartzea zailtzen duena″. Eta ospakizunen elementu batzuk (kontsumoak, iluntasuna…) emakumezkoak zaurgarriagoak egiten ditu. Horregatik, ″indarkeria matxistaren kontra denon inplikazioa lortzen ez badugu, ez dugu ezer eginen″. Egiteko hori jarri du teknikariak.
Festak gizartearen isla dira. Baina ospakizunak ere herriaren identitatearen eta kohesiorako tresna eraginkorrak dira. Izan ere, herriaren adierazpen deigarri, koloretsu eta adierazgarri bat dira, harro egoteko arrazoia ematen dutena. Gainera, herriaren berezitasunen edo onenaren erakusleiho ere badira. Aldi berean, ospakizunak herritarren artean identitate barne dinamika sortzen du. Komunitatea eraikitzeko eta herritarren arteko kohesioa balio du, festa giroan hori errazten duten hainbat espazio sortzen direlako.
Teknikariak azaldu duenez, ″askotan tradizio horretan oinarrituta ideia bat dugu: horrela egin izan da eta horrela egin behar dugu. Hausnarketa gehiago egin gabe. Eta hausnarketa hori egiteko premia dago″. Herriko ospakizun guztien gainean hausnarketa behar dela uste du Goikoetxeak. ″Santa Agedako aldaketa adibide handia da. Pila bat kostatu zen. 25 urte hasi zenetik ‘bukatu’ arte, oso epe luzea da zerbait onartzeko. Niretako denbora asko izan zen″.
Parte hartze saioetan beste ospakizun batzuk agertu ziren, esaterako, inauteriak. ″Nahiko eta oso azkar aldatzen ari dira. Sinbolikoki ere bai. Irudi batek hartu du errepresentazio botere handiena: momotxorroak. Beste irudi batzuk galtzen ari dira: maskaritak, sorginak… Beste egoera edo errepresentazio batzuk galtzen ari dira″. Parte hartze prozesuan beste ospakizunetako uneak ere aztertu zituzten, esaterako, San Pedroko ″tazika momentua″. Goikoetxea ″horrekin asko harritu″ zen, ″aztertzeko eta aldatzeko beste une batzuk ateratzea gustatu zitzaidan″.
Saioetan genero berdintasunaz aparte, askotan agertu zen beste ertz bat: etorkinak. Hainbat ospakizunetan duten edo ez duten parte hartzea agerian gelditu zen. ″Iraileko festak irekiagoak dira. Baina gainontzeko ospakizunak, gure tradizioak, ez dira hainbeste″, azaldu du Goikoetxeak.
Prozesuaz
Parte hartze prozesuan aritzeko gonbidapena Altsasuko hainbat eragileri egin zieten. Ospakizunetako antolatzaileak mahaiaren bueltan nahi zituzten. Baina ez zen parte hartze handirik izan: ″ez zen momentua, ez zegoen interesik, edo ez dakit″. Ospakizun berdinzaleak lortzeko ezinbesteko jotzen dute parte hartze prozesua, ″bestela ezin da horrelako helbururik lortu″. Hori lortzeko ″talde bakoitzak erabaki behar du parte hartzea. Prozesuan parte hartu eta, ondoren, aldatuko ditugu ospakizunak″. Horretarako ″kontzientzia behar da, hau da, parte hartu aurretik sentsibilizazio edo kontzientzia izan behar da hori guztia aldatzeko″.
Gaineratu duenez, ″berdintasunera jauzi egiteko parte hartzaileek kontuan izan beharko dute festak biziak direla eta aldatu egin daitezkeela″. Teknikariak esan duenez, ″orain ez da hainbeste aipatzen tradizioa. Baina askotan esan eta entzun dugu. Denok dakigu ospakizunak aldatzen ez badira, hiltzen direla, edo museoan bukatzen dutela. Aldaketak irizpide, hausnarketa eta helburu batekin izan behar du. Ezin da bat-bateko dinamika bat izan″.
Beraz, Altsasuko festa egutegi guztia mahai gainean jarri eta ospakizun guztien gainean hausnartu. ″Nik parte hartzen dut ia-ia festa guztietan. Batzuetan parte hartu eta beste batzuetan ikusi. Gure sozializazioa, herriaren sozializazioa da, eta oso zaila da gure nortasuna aztertzea″. Ospakizun berdinzaleak lortzeko asmoarekin segitzen dute. ″Azken finean, ospakizun berdinzalea da denok leku guztietan eta pauso guztietan egotea, eta denon artean etorkizunaren proiekzio bat egitea″. Aurretik lana dagoela ondorioztatu dute, ″herriko bizitzaren″ halako aldaketak ″dekretuz″ ezin baitira egin.
"Altsasuko gizonen bat, edo beste lekuren batekoa, izututa dago festak ailegatzean? Gizonen eta mutilen joera eta jarrerarekin zerbait egin behar da″
Nondik jo?
Goikoetxeak argi azaldu du: ″lehenik, ez dugu indarkeriarik nahi. Esan didatenez, neska gazteak, 14 urtekoak, indarkeriarekin kezkatuta daude. 14 urteko neskak ezin dira izututa egon! Gizon guztiendako galdera: Altsasuko gizonen bat, edo beste lekuren batekoa, izututa dago festak ailegatzean? Gizonen eta mutilen joera eta jarrerarekin zerbait egin behar da″.
Ospakizun berdinzaleagoak lortzeko teknikariak nahi luke antolakuntzan emakumezko gehiago izatea. Gainera, gizonek bileretan beharrean talde informaletan hainbeste gauza ez erabakitzea nahiko luke. Horri lotuta, emakumezkoei erabakitze espazioetan parte hartzeko ahalegina eskatu die. ″Horiek ez daude irekita. Gizonak konturatu behar dira gauzak non erabakitzen dituzten. Non erabakitzen da koadrilen funtzionamendua? Non erabakitzen da fanfarreak eta zer fanfarrea kontratatzea? Non erabakitzen da peñen jaitsiera egin eta nola egin? Non erabakitzen da herri bazkaria egitea? Hasteko hori aldatu nahi nuke. Horrek festetan isla izanen luke″.
Izan ere, erabaki guneetan ordezkaritza parekideak rolak ekiditeko neurri zehatzak hartzea ekarriko luke. Baita antolakuntza espazioak irekiagoak eta horizontalagoak izatea eta boterea gizonengan ez kontzentratzea ere. Eta aukera emanen luke bestelako ahots eta ikuspegiak azaleratzeko baldintzak jartzea. Esaterako, rol eta estereotipoen deseraikuntza eta partaideen arteko aniztasunari leku egitea, sexua, adina, jatorri, identitate, balore eta gustu desberdinetako jendea legokeelako.
Begiratu beharrekoak
Ospakizun berdinzaleak lortzeko, antolakuntzaz aparte, beste bost arlori erreparatu behar zaiola ondorioztatu zuten parte hartze prozesuan.
1. Jarduera eta ikuskizunak.
Protagonismoak parekidea izan behar du. Eta emakumezkoek protagonismoa dutenean ezin dira objektu gisa eta sexualizatuta agertu. Tradizionalki gizonei egotzi zaizkien paper eta roletan ari diren emakumezkoak ikusarazi behar dira, maila berean jarriz. Azkenik, festetako jarduera edo ekintzek bere eduki eta formetan balio feministak bultzatzen lagundu behar dute.
2. Hizkuntza eta iruditegia
Jarduerek lantzen dituzten edukiek (abestien letrak, irudiak...) mezu matxistarik ez izatea. Ospakizunetan erabiltzen den iruditegia parekidea izatea eta posible bada genero rol eta estereotipoak hautsi edo eraldatzea (kartelak, programak…).
3. Indarkeria matxista
Orokorrean eta, bereziki ospakizunen testuinguruan, gerta daitezkeen indarkeria egoerak identifikatu eta haiei aurre egiteko baldintzak jartzea. Eta indarkeriari aurre egiterakoan gizonen aliantza bilatzea.
4. Gizarte eraldaketa
Aldarrikatzaileak izatea eta hausnarketara bultzatzea, orain arteko ospakizunen hainbat aspektu zalantzan jarrita. Tradizioarekin hausteko ausardia izatea, hau da, gizonen protagonismoa, betiko orkestra… Bestetik, ospakizunek emakume indartsu eta ahaldunduak erakusteko espazio edo momentua izatea, herriko emakumeek bere tokia eta aitorpena eskuratzeko momentua, alegia. Horrekin batera, lan ikusezinen balioa aitortzea, lan horietako asko tradizionalki emakumeei egokitutakoak izateagatik gutxietsiak izan direlako (festetako arropa txuria garbitzea…).
5. Izaera
Parte hartzaileak eta barneratzaileak izatea. Hau da, jarrera aktiboa bultzatzea herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten eta partaidetza sentimendua garatu dezaten.