Astekaria

Bestelako ikasturte hasiera Altsasu institutuan

Guaixe 2022ko ira. 12a, 09:27
Hiart Leitza, Juan Kruz Lakasta, Reyes Ilintxeta eta Iñaki Mundiñano saioaren hasieran.

Altsasu institutuko 600 ikasle eta 80 irakasle inguruk aurrenekoz bat egin zuten ostegunean. Eta "normaltasunera buelta" ospatzeko Euskalerria Irratiaren zuzeneko saioa izan zuten guztiek. Institutuko komunitateko kideak pasa ziren irratiko mikrofonoen aurretik.

Estreinakoz Altsasu institutura joan ziren DBH1 eta Batxilergoko 1. mailako ikasleak asteazkenean egon ziren ikastetxean. Ikasle guztiak atzo elkartu ziren, horregatik, ikasturtearen hasiera ofiziala ostegunean egin zuten institutuan. "Baldintza desberdinetan bueltatu gara. Ekitaldi bat, zerbait egin nahi genuen, eta itzulera hori ospatu. Ikasleei merezi duten ongi etorria egin nahi genien", azaldu du Hiart Leitza Razkin irakasleak. Izan ere, ikastetxeek COVID-19 gaitzari aurre egiteko batere neurrik gabe hasi baitute ikasturtea. "Aurten musukorik gabe, patioan denak elkarrekin egonen dira… Beraz, normaltasunerako itzulera hori ospatzeko ere bada".

Eta ospakizuna egiteko "modu batean edo bestean gure gertuko komunitatea bildu nahi genuen: ikasleak, irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak… Hori guztia irratsaio batean bil zitekeela iruditu zitzaigun eta Euskalerria Irratia gonbidatu genuen goizeko magazina, Guardasola, hemendik emititzeko", azaldu du irakasleak. Irrati estudioa ekitaldi aretoko oholtzan prestatu zuten. Baina eguraldiak lagundu zuenez, kalera begira egin zuten. Hala ikasleak kalean dagoen belardi artifizialean eseri eta handik saioa zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Hainbat mailatako ikasleak, txandaka, pasa ziren saioa entzutera eta ikustera. 09:00etatik 11:00etara mikrofonoaren aurretik honakoak pasa ziren: Iñaki Mundiñano institutuko zuzendaria, David Oroz, Sakanako Mankomunitateko presidentea, Pello Reparaz ikasle ohi eta musikaria, Izaskun Andueza soziologo eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea institutuan migrazioa ikertu duena, Nerea Balda eta Peru Camara irakasle eta idazleak, Oihan Unamuno, Osane Orella eta Pello Mikelez Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Olatz Andueza eta Iñigo Aldunate irakasle eta musikariak eta, bukatzeko, Iñigo Goikoetxea, ikasle ohia, guraso eta musikaria. "Kazetariek nola lan egiten duten ikustea polita da. Saioa entretenigarria, dibertigarria eta hezigarria" izan zela ziurtatu zuen Leitzak. 

Aurreko egunetan institutuko sare sozialen bidez ikasturtea "airean, uhinetan" hasiko zutela zabaldu zuten. "Mezu horiekin ikasleak pixka bat 'moskeatuta' zeudela uste dut. Batzuek bazekiten, parte hartu behar zutelako. Baina ez dakit haien artean hitz egin duten eta jakin duten zer egin behar genuen zehazki", azaldu du irakasleak. 

Ikastetxeaz 
Altsasu institutuan ia 600 ikasle daude; gutxi gorabehera erdiak Altsasukoak dira eta beste erdiak ibarreko gainontzeko herrietakoak. Haiei klasea emateaz 80 irakasle inguru arduratzen dira. Institutuak DBHko lau mailak eta Batxilergoko biak eskaintzen ditu. Iruñean ikasten den Batxilergo artistikoa izan ezik, Batxilergoko adar guztiak ikas daitezke Altsasu institutuan. 

Ikastetxerako hainbat egitasmo ere badituztela azaldu zuen Leitzak. Batetik, "pixkanaka instalazioak hobetzen joan gara azken urteetan. Orain ere gure helburuetako bat hori da. Ikus-entzunezkoei eskainitako gela bat atontzen ari gara. Horrek baliabideak emanen dizkie ikasleei ikus-entzunezkoak lantzeko,ahozkotasuna lantzeko; jendaurrean aritzea lantzeko eta errazteko".  Bestetik, aterpe bat ere jarri nahi dute, "euria egiten duenetan ikasleak hor egoteko", azaldu zuen irakasleak. Beste egitasmo batzuk ere badituztela gaineratu du. LOMLOE Legea aldatu egin da eta Leitzak argitu duenez, "gure helburuetako bat izanen da gure metodologiari eustea: proiektuen bitartez ikastea eta abar". Helburu horiekin abiatu dute ikasturtea Altsasu institutuan.