Mendia

Altsasuko Mendigoizaleak eta Josefina Arregikoak, elkarrekin mendira

Guaixe 2022ko ira. 12a, 09:00

Txangoa egin zutenak. ALTSASUKO MENDIGOIZALEAK

Irailaren 4an irteera egin zuten Linzatik Txamantxoiara

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak mendi irteera berezia egin zuen irailaren 4an, Pirinioetara, Josefina Arregi Klinikako zenbait langilerekin eta Josefina Arregi Klinikako Lagunen Elkarteko zenbait kiderekin. “Klinikako kudeatzaile Angel Gardachalen deia jaso genuen. Langileendako mendi irteera edo txangoren bat antolatzeko asmoa zuten, elkarren artean ongi pasatzeko ekintza, eta martxa hori antolatzeko laguntza eskatu zigun. Guk baiezkoa erantzun, eta guztia antolatu genuen” azaldu du Altsasuko Mendigoizaleak elkarteko Jesus Guineak. 

Guztira 30 pertsona inguru bildu ziren, Josefina Arregi Klinikako langileak, Klinikako Lagunen Elkarteko kideak eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeko mendizaleak kontuan hartuta. 7:00etan abiatu ziren autobusez, Linzako aterpera. “Aterpean lasai gelditu nahi zutenek hala egin zuten, baina gehienek Txamantxoia (1.954 m) igo genuen. Pirinioetan igotzeko mendirik errazena da. Lainoa zegoenez, ezin izan genuen bertatik ikusten diren ikuspegi ederrez gozatu, baina ibiltzeko egun aproposa zen eta oso ongi pasa genuen” gaineratu du Guineak. Itzuleran, Esako urtegian geldialdia egin zuten “penagarri dago, urperatutako herri guztia ikusten da. Pentsa, urtegi erdi-erdian todoterreno bat zegoen” azaldu du, eta ondoren Leire monasterioa bisitatu zuten. “Egun zoragarria izan zen, oso pozik gaude” nabarmendu du Guineak. Gainera, herrialde ezberdineko jendea ezagutu zuten, “Hego Amerikakoa den erizain bat eta bere alaba, Venezuelako bi kide…oso gustura egon ginen”.