Txirrindularitza

93. Altsasu Proba, azken unera arte kolokan

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 14a, 11:30

Felix Mazkiaran, Miguel Angel Montesinos eta Eliseo Gorospe, 2019an Altsasuko suziria pizteko gonbitea jaso zutenean. ARTXIBOA

Lasterketa irailaren 15ean, ostegun goizean jokatuko denez, boluntarioak lortu ahal izateko arazo larriak izan ditu Altsasu Kirol Elkarteak. Herrian antolatzen diren ekitaldiei duten balorea eman eta antolakuntzan laguntzeko deia egin dute

Aurten 93 urte beteko ditu afizionatuen 23 urtez azpiko eta eliteen mailako Altsasu Txirrindularitza Probak. Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen du eta espainiar estatuko lasterketarik zaharrena da, Espainiako Vuelta bera baino zaharragoa. Gaur egun Sakanan antolatzen den afizionatuen mailako lasterketa bakarra da. Lasterketak 90 urte bete zituenean udalak aitortza egin nahi izan zuen, eta urte horretako Altsasuko festetako suziria, 2019 urtekoa, lasterketaren antolakuntzan bere garaian ibilitako Eliseo Gorospe Aramendik, Miguel Angel Montesinos Zornozak –joan zen urtean zendu zen– eta gaur egun Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza ataleko arduradun Felix Mazkiaran Yagüezek jaurti zuten. “Ohore handia” izan zen hirurendako. 

Lan eguna
Bada, aurten 93. Altsasu Txirrindularitza Proba oso gutxigatik atera da aurrera. Lasterketa beti Altsasuko festetan jokatzen da, irailaren 15arekin, goizez, eta aurten osteguna denez ohi baino askoz ere arazo gehiago izan ditu Altsasu Kirol Elkarteak proba antolatzeko, boluntario falta izan baitute. “Proba antolatu ahal izateko gutxienez 70 boluntario behar izaten dira: bidegurutzeak ixteko eta markatzeko boluntarioak, epaileak eta komisarioak eramaten dituzten auto gidariak, lasterketan laguntzen duten motorzaleak, lasterketa ixten duen ibilgailua eta beste. Altsasutik kanpo lan egiten dutenendako osteguna lan eguna da, beste batzuek ezin zuten… eta jendea ezin lotu ibili gara. Azken bi asteak ahazteko modukoak izan dira” azaldu du Felix Mazkiaran arduradunak. 

Errelebo falta
Boluntario guztiak lortzea ez da erraza izaten, baina aurten arazoa areagotu da. Aste eguna izateak eragin handia du, baina azpian faktore oso garrantzitsua dago: ez dago erreleborik. “Urte asko daramatzat Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen dituen afizionatuen Altsasu Proba eta juniorren Erramu Txirrindularitza antolatzen. Txirrindularitza izugarri gustuko dut eta lana gustura egiten dut, baina urte asko dira eta atzetik ez dator erreleborik. Ez zait inor gerturatu denborarekin lasterketaren ardura hartu nahiko lukeela esatera. Gurutzebideetan eta bestelakoetan egoten diren boluntario gehienek ere urte asko daramatzate. Arazo larria da” ondorioztatu du. 

Boluntarioak ezin bildu zeudela ikusita, Altsasu Proba arriskuan zegoela eta boluntarioak behar zirela zabaldu zuen Altsasu Kirol Elkarteak sare sozialetan, klubeko futbol eta pilota ataletan eta herrian, eta azkenean, kostata, beharrezko boluntario gehienak lortu dituzte. “Proba bertan behera uztea ere pasa zitzaigun burutik. Sekulako pena litzateke, gurea estatuko lasterketarik beteranoena baita, baina azken finean txirrindularien segurtasuna da jokoan dagoena; bidegurutze bat ez baduzu ongi markatzen, istripuren bat gerta daitekeelako. Argi eta garbi. Zorionez, azkenean kolaboratzaileak lortu ditugu eta elkartetik euren prestutasuna eskertu nahi dugu, bihotzez” eskertu du Mazkiaranek. Halaber, herrian antolatzen diren ekitaldi guztietan laguntza ematera animatu ditu altsasuarrak. “Herrian denetariko ekitaldiak egotea nahi badugu, ekitaldi horiei duten balioa aitortu eta euren antolakuntzan lagundu behar dugu. Bestela, galtzen joango dira eta gero pena hori izango dugu” aitortu du. 

Data aldaketa
Aurten gertatutakoari konponbidea emateko, datorren urteari begira lasterketa festetako asteburura lekualdatzea dute mahai gainean, “larunbatean edo igandean eginez gero boluntarioak lortzea errazago litzatekeelako. Euskadiko eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioekin bilduko gara, data aldaketa egitea posiblea den ala ez ikusteko, data libre gutxi egoten direlako”. Ezinezkoa bada, beste erabaki batzuk hartu beharko dira. 

110 txirrindulari eta ikusmin handia
Lasterketari dagokionez, 93. Altsasu Proban 110 txirrindulari inguru lehiatuko dira, tartean sakandarrak. “Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarrak eta Ailetz Lasa ziordiarrak bere partehartzea ziurtatu dute momentuz. Laboral Kutxak, Rural Kutxak eta Lizartek euren talde onenak ekarriko dituzte, eta baita gainontzeko taldeek ere” dio Mazkiaranek. Altsasukoa lasterketa ikusgarria da, 140 km-koa, Altamira sei aldiz gaindituko duena, Ameztia auzora bitan iritsiko dena eta Sorozarretara ere helduko dena, San Pedroko bidetik sarritan pasatzearekin batera. Herri gunetik ere askotan pasatzen da. Ostegunean, 10:00etan abiatuko da Altsasu Kirol Elkarteko egoitzaren paretik, eta Altsasuko udaletxe parean despedituko da, 13:30ak aldera. Joan zen urtean Lizarteko Raul Rota izan zen txapelduna. 

Altsasuko Proba, beteranoena izateaz gain, Euskaldun Txapelketarako baliagarria da. Ekainera arteko txapelketa Laboral Kutxako Xabier Berasategik irabazi zuen, eta ekainaren 18tik ondoko txapelketan Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Mulu Kinfe Hailemichael etiopiarra doa buruan, Etxarri Aranatzen bizi dena. “Ez dakit Mulu arituko den, Euskaldun Txapelketa nahiko bideratua duelako, baina oker ez banago1992 urtetik etxeko taldeak, Rural Kutxak, ez du Altsasu Proba irabazi, eta gogo handia omen dute. Ikusiko da” dio, irribarrez.