Kaleak girotzeko prest daude

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ira. 13a, 14:00

Goxo txarangako kideak. UTZITAKOA

Bi neskek sortu zuten Goxo txaranga ekainean, eta ordutik gelditu gabe daude. Hamaika musikari aritzen dira, tartean altsasuar bat. Tradizionalki mutilena izan den mundu batean haien tokia aldarrikatzeko sortu da.

"Kontserbatorioko ikasleak gara, eta gure artean komentatzen genuen ea zergatik dauden hainbeste mutil txarangetan edota ez dagoen ia neskarik. Horrela sortu zen nesken txaranga bat aurrera eramatearen ideia". Alaiz Barrena Prieto Goxo Txaranga sortzailetako bat da, Sandra Fernandez tronpetistarekin batera. Maiatzaren 15ean Whatsapp talde bat sortu zuten eta bertan txarangen mundua gustatzen zitzaion jendea sartzen hasi zen, eta ideiari forma ematen hasi ziren. "Ekainaren 20an, gutxi gorabehera, entseatzen hasi ginen". Taldea pixkanaka moldatzen joan da, eta orain hamaika musikarik osatzen dute txaranga, tartean altsasuar bat: Maddalen Oiarbide Unamuno bonbardinojolea. Irailaren 16an, ostirala, 22:00etatik aurrera, Altsasuko festetan, kalejira eginen dute: "Oso urduri nago. Familia egongo da, herrian txarangan jotzen dudala badakite... Pozik nago herrian jotzeagatik".


Maddalen Oiarbide Unamuno altsasuarra, Goxo txarangaren emanaldi batean. UTZITAKOA

Goxo txaranga ez da aitzindaria, duela zenbait urte ba omen zegoelako emakumezkoen txaranga bat. Baina, gaur egun, bakarrenetarikoa da. Neskak direla eta haiek ere txaranga batean "primeran" entzun dezaketela aldarrikatu nahi zuten. "Egia esan, ez dakigu oso ongi zergatik dauden hain emakume gutxi txarangetan. Azkenean, txaranga bat sortzen duzunean ez dago sartzeko probarik ez ezer; kontaktuen bidez egiten duzu eta ezagutzen duzun jendea abisatzen duzu. Orduan, mutilek lagunei deitzen diete eta, azkenean, mutilak biltzen dira". Musikariak gaineratu duenez, badago "sinesmen" bat, agian neskek ez dutela indarrarekin joko uste dutena. "Entzun izan dugu: neskak izateko oso ongi entzuten da".


Goxo txarangako kideak sanferminetan. UTZITAKOA

"Nahi gabe" egindako komentarioak diren arren, "lekuz kanpo" daudela esan du Barrenak. Gainera, horrelako iruzkinak gutxienekoak izan dira. "Orokorrean oso harrera ona izan dugu. Egon garen toki guztietan oso ongi hartu gaituzte, oso gustura egon gara. Ez digute komentario txarrik egin". Aurretik beste txaranga batzuetan egondakoa da Barrena, baita txarangako beste kide bat ere, baina Goxo txarangan "bereziki" gustura dagoela aitortu du. "Ez dakit sortzen den giroagatik den edo gure arteko afinitateagatik, baina oso gustura jotzen dut". Oiarbidek ere oso gustura dagoela esan du: "Guztiak oso ongi moldatzen gara. Hitz egiterakoan elkar ulertzen dugu eta desberdina da. Gustura gaude, harreman bikaina dugu".

Hamaikakoa
Gazteenak 15 urte ditu eta helduenak 22. Oso gazteak dira. Normalean hamaika musikari ateratzen dira: hiru perkusio, hiru tronpeta, bi tronboi, bi saxofoi eta bonbardino bat. "Normalean bonbardinoa ez da txarangetan egoten, helikoia edo tuba egoten dira, baina ez dute Nafarroan tresna hori jotzen duten neskarik topatu. Taldean hamahiru pertsona daude, batzuetan aldaketak egin behar dituztelako, eta errefortzuko jendeak ere jo izan du.


Goxo txarangako kideak sanferminetan. UTZITAKOA

Ekainean hasi ziren, eta dagoeneko hamaika emanaldi eman dituzte. "Uztailaren 2an izan genuen lehenengo tokata, eta hortik gelditu gabe". Kontratatzaileen arabera, publikoa denetarikoa da edo emakumezkoa bakarrik: "Adibidez, kintoetarako kontratatzen bagaituzte, kintoetan denetarik dago. Baina Feministok festetarako kontratatu gintuzten, eta hor publikoa emakumezkoa zen gehienbat".

"Oso gurea den kanta bat Rigoberta Bandiniren 'Ay, Mama da"

Oraindik beste txarangetatik desberdintzeko edo nabarmentzeko goiz dela azaldu du Barrenak, baina pixkanaka haien bidea egiten ari dira. "Adibidez, abesti batzuetan panderoa ateratzen dugu, eta txaranga batean ez da oso ohikoa panderoa jotzea". Errepertorioari dagokionez, beste txarangekin "oso antzekoa da": kalejirak, mugimenduan joateko abestiak, kunbiak, mexikarrak, Mi gran noche, La Polla, potpurriak Avici, Fito, El canto del loco... "Oso gurea den kanta bat Rigoberta Bandiniren Ay, Mama da, hori bai beti jotzen dugula". Oiarbidek esan duenez, jotzen duten musika "oso gustuko" du: "Oso kanta ezagunak direlako. Kanta gehiago sartuko nituzke, baina oso ongi dago".

Txarangan
Kontserbatorioko ikasturte amaieran musikariek erakustaldi publiko bat egiten dute. "Kanpoko jendea gu ikustera etorri zen", azaldu du Oiarbidek. "Audizioa bukatu zenean bi neska etorri zitzaizkidan nirekin hitz egitera, eta esan zidaten neska txaranga bat sortu zutela eta ea gustatuko litzaidakeen txaranga horretan sartzea". Pentsatu gabe baietz esan zuen, "eta, noski, gero ondorioak pentsatu nituen". Izan ere, Oiarbidek ez du gidatzeko baimenik eta entseguetara eta emanaldietara norbaitek eraman behar du, "baina oso gustura nago. Oraindik ez dut asko sinisten".

Oiarbidek Haize Berriak bandan eta fanfarrean jotzen du, baina txaranga batean aritzen den lehenengo aldia da. Jotzera ohituta dagoen arren, "hau oso desberdina" dela esan du. "Gogo handia dut Altsasuko festetan jotzeko". Proiektuan %100 sartuta dagoela esan du. "Emanaldi gehienetan egon naiz".

"Oso ongi funtzionatzen ari denez gure helburua urte osoan zehar jotzen jarraitzea da, deitzen gaituzten tokietara joatea eta joan ikusten". Helburu nagusia txarangak aurrera egitea dela esan du Barrenak, "gurekin ez bada ere, sartzen direnekin".