Zaletasun bat da, eta Iortia kultur gunean erakusketa prestatzen ari da.
1. Nola hasi zinen zura lantzen?
Haurra nintzela hasi nintzen. Benancio osabarekin aritzen nintzen, eta gero etxean lan egiten jarraitu nuen ere. Hamalau urterekin zurgin lanak egiten hasi nintzen, eta lanetik ateratzen nintzenean tailerrean jarraitzen nuen zura lantzen. Zurgintzarekin hasi nintzen lanean, eta bizitza osoa horretan aritu naiz.
2. Nola lantzen duzu?
Material guztia prestatzen dut. Nik egiten dudana da egur guztiak kolarekin batu, eta gero horren gainean marrazten dut. Marrazkia pixka bat asmatzen dut. Ez dut inondik kopiatzen. Altsasuko armarrian adibidez, burua eta armarrien inguruan dagoen apaingarria herrietako etxeetako armarrien nahasketa bat eginez osatu dut. Nire modura egiten dut. Marrazkia egin ondoren, egurra higatzen joaten naiz. Orain Vitruvio gizona egiten ari naiz. Gauzak egiten joaten naiz, baina egiteko gauza berriak sortzen zaizkit, eta alde batera uzten ditut.
3. Zer egur mota erabiltzen duzu?
Dena haritza da. Haritza gustatzen zait gogorra delako eta bizitza osorako delako. Badira beste egur batzuk sitsa sartzen ez dena. San Pedroko haritzaren adar bat ere ekarri nuen. Udalak esan zidan ea interesatzen zitzaidan, eta hartzera joan nintzen. Garbitu dut eta sitsaren kontrako erremedio naturala da; honi ez zaio sitsa sartuko. Orain prestatzen ari naiz hemendik eskultura bat ateratzeko.
4. Eta zer egingo duzu?
Garai bateko kutxa zaharren pieza bat. Herriaren oroitzapen bat ere izateko.
5. Altsasuren bi armarriak batu dituzu. Nola sortu zitzaizun ideia?
Heraldika liburuak ditut, eta begiratzen ari nintzela Altsasu abizenaren armarria ikusi nuen. Orduan, pentsatu nuen: "Zergatik ez dut egiten abizenaren eta herriaren armarria?". Hemen tailerrean lantzen ari nintzela, alkatea pasa zen eta ikustera sartzeko esan nion.
6. Nolakoa da?
Abizenaren armarrian gerlari baten besoa agertzen da, Santiago bideko maskorrak bidea hemendik pasatzen omen zelako, txokolate katiluak eta bihotzak, eta erdian ardi bat bandera batekin.
7. Eta zer egiten duzu pieza hauekin?
Zaletasun bat da. Jubilatu nintzen, eta orain gauza hauek erakusketak egiteko baliatzen ditut. Aurretik egin izan ditut enkarguak, baina orain niretako egiten dut. Iortia kultur gunean erakusketa bat prestatu nahi dut, baina horretarako Vitruvio gizona bukatu nahi dut. Beste pieza honek, kutxa zahar batekoa, 800 bat kilo pisatzen du. Desagertzen ari diren kutxa zaharrek eta etxe zaharren leihoak osatzen dute piezak. Erakusketa egiten badut eta jendeari zerbait gustatzen bazaio, prezio bat adostuko genuke eta aurrera. Baina saltzeko ez ditut gauza asko. Azoketan ere parte hartu izan dut, baina piezek pisu handia dute, eta egun baterako gauza asko mugitu behar ditut.
8. Zenbat denbora eskatzen dizu horrelako pieza bat egiteak?
Armarria, esaterako, jarraian egingo banu hiru hilabetetan egina izango nukeen, baina pixkanaka egiten joan naiz. Egun batean agian mendira noa eta ez dut lantzen. Azkenean, asko kargatzen zaitu. Vitruvio gizonarekin gertatu zait. Dagoeneko bederatzi bat hanka egin dizkiot. Orduan, utzi nuen eta orain berriz hartu dut. Armarriarekin hasi nintzen eta pandemian etxera eraman nuen. Bukatzea pentsatu nuen. Maitek, bikotekideak, esaten zidan isiltzeko, azken finean kolpeak ematen direlako lantzeko. Semeak ere lagundu zidan. Ezkaratzean jartzen nintzen eta hor ibiltzen nintzen lanean.
9. Zer tresna erabiltzen dituzu?
Maza, gubiak eta kodilloak deitzen direnak. Gubiak lauak izan daitezke, bihurguneekin...
10. Zertan inspiratzen zara?
Ez zait gustatzen armarri guztiak berdinak izatea. Herrietako etxeetakoak denak desberdinak dira. Armarriak begiratzen joaten naiz, eta horietatik joaten naiz inspiratzen. Aurreko astean Oñatin egon nintzen eta bertan dauden etxe zaharretako armarriak begiratzen ditut, eta etxe batean bi izkinetan armarriak zeuden. Oso apaindutakoak dira. Gauza horiek begiratzen ditut. Beste armarri bat egitea pentsatzen ari naiz, eta armaduraren buruak alde batera begiratu beharrean aurrera begiratzea nahi dut, eta armarritik aterako balitz bezala. Gipuzkoa aldean horrelakoak badira. Eta hori ez zaizkidala armarriak asko gustatzen. Egon zen armarrien boom bat, baina egia da denak antzekoak zirela eta denak ez dira benetakoak, guztiok ez baitugu armarririk. Baina lantzeko politak dira apaingarri asko dituztelako.
11. Zer da zailena?
Ni kontu handiz ibiltzen naiz egurra ez irekitzeko. Hori begiratzen joaten naiz. Gero ere ezin da oso hezea egon, bestela irekitzen delako. Bestela lana geroz eta konplikatuagoa gehiago gustatzen zait.