Pilota

Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdiak, oso paretsuak

Guaixe 2022ko ira. 13a, 10:45

Maila mistoko bigarren finalerdia: Carabias, Oskoz, barrola eta Mitxelena. UTZITAKOA

Larunbateko jaialditik atera ziren igandeko final handiko bigarren finalistak

Larunbatean Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajauku klubak antolatutako  51. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko bigarren finalerdiak jokatu ziren Burunda pilotalekuan. Guztira, hiru partida jokatu ziren, bertan bildu ziren pilotazaleendako, asko gazteak, poztekoa, oso entretenigarriak izan zirenak. Giro ederra izan zen Burundan.  

Eskola mailako pilota partida batek mustu zuen jaialdia. Pilotajauku klubeko Carabiasek eta San Romanek Olaztiko Sutegiko Arguelles eta Araña izan zituzten aurkari partida lehiatu eta entretenigarrian. Azkenean, olaztiarrek lortu zuten garaipena, 14 eta 18 irabazita. 

Mistoan, parekotasuna
Ondoren, torneoko txapelketa mistoko bigarren finalerdia abiatu zen. Aizane Ibarrolak (Huarte) Oier Mitxelenarekin (Pilotajauku) osatu zuen bikotea, eta Oier Carabiasek (Pilotajauku) Leire Askozekin (Oberena). Ibarrolak eta Mitxelenak aurrea hartu zuten eta 12 eta 3 aurreratu ziren, baina orduan iritsi zen Carabiasen eta Oskozen erantzuna, eta Carabiasen sakeaz baliatuta, 14ra eta 15era berdindu zuten bi bikoek. Partidaren azken txanpan, ordea, Ibarrola eta Mitxelena hobeto aritu ziren eta, azkenean, garaipena lortu zuten, 22 eta 19. 

Eliteak, ederki
Azkenik, elite mailako bigarren finalerdia egon zen jokoan. Kasu honetan ere, pilotazaleek gozatu handia izan zuten, Iker Egiguren eta Ekain Lizeaga gipuzkoarrak, batetik, eta Aingeru De la Fuente eta Adrian Azpiroz nafarrak, bestetik, partida lehiatu, polita eta entretenigarria eskaini zutelako. Laurek ongi jokatu zuten, eta lehen txanpan parekotasuna izan zen nagusi. Bostera eta seira berdindu zuten, baina hortik aurrera Egiguren eta Lizeaga aurreratzen hasi ziren: 12 eta 7, 17 eta  9 eta 19 eta 12. De la Fuentek eta Azpirozek ez zuten etsi, eta partidari buelta ematen hasi ziren, Burundako pilotazaleen pozerako. Horrela, 20 eta 16ra gerturatu ziren, eta 21 eta 19ra ere. Erremontada bete betean, azken tantoan Aingeru de la Fuente lesionatu egin zen, eta, azkenean, Egiguren eta Lizeaga dira bigarren finalistak, 22 eta 19 irabazita.