Mugimendu feministak festez gozatzera deitu du

Guaixe 2022ko ira. 14a, 10:00

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguneko kontzentrazioa. ARTXIBOA

Ziurtatu duenez, ‘zisheteropatriarkatuaren aurrean, emakumeok* festaz gozatzera goaz eta ez gaitu inork geldituko; kaleak, gauak eta jaiak gureak direlako Borrokatzen jarraituko dugu, beldurrik gabe bizi eta gozatzeko eskubidea dugulako’. Udan zabaldu diren ″izu mezuak″ salatu dituzte. 

Herriko festak direla eta, Altsasuko mugimendu feminista osatzen duten Altsasuko Feministak, Altsasuko Bilgune Feministak eta Errafailak idatzi bateratua argitaratu dute, argi utziz ″festak gozatzera″ doazela. Altsasuko mugimendu feministan kexu dira ″nabarmena″ baita ″azken aldian emakume* eta sexu disidenteen kontrako erasoak ugaritu direla eta jai  giroan emandako erasoen oldarraldia pairatzen ari garela″. Eraso horiek ″egunerokotasunean jasaten dugun egiturazko indarkeriaren baitan″ kokatu dituzte. Feministek ziurtatu dutenez, ″jai giroan pairatu behar izaten ditugun eraso, bortxaketa, mehatxu edota indarkeria matxista ere badiren sumisio kimiko kasuak zisheteropatriarkatuaren emakume* eta sexu disidenteon kontrako hamaika zapalkuntza tresnetako bat da″. 

Mugimendu feministako kideen iritziz, ″udan zabaldu diren izu mezuek nahasmena eta gizarte alarma hedatu dute″. Haien iritziz, ″nahasmen eta gizarte alarma hori sexu indarkeriaren mekanismo guztiak erreproduzitzen dituzten dinamikez elikatzen da, emakumeon* askatasuna mugatuz″. Altsasuko mugimendu feministakoen iritziz, ″″izu hori elikatzen duten diskurtsoek bestelako indarkeria mekanismo batzuk erreproduzitzen dituzte: beldurra bera gorpuzteaz aparte, ‘ez eraman praka laburrik’, ‘kontuz ibil zaitez’, ‘ez bueltatu bakarrik etxera’, ‘geratu zaitez etxean’ moduko mezuak entzun behar izan ditugu″. 

Salatu dutenez, ″segurtasunaren aitzakiarekin polizia mekanismoak jartzen dira martxan″. Altsasuko mugimendu feministak segurtasun eredu horrek ″aske″ ez dituela sentiarazten azaldu dute, ″are gehiago biktimizatzen gaitu. Ez dugu poliziarik behar aske izateko″. Horregatik guztiagatik, mugimendu feministatik gizonezkoei dei zuzena egin diete: ″erasotzeari utzi behar diote eta indarkeria matxistan duten erantzukizunaz jabetu behar dira. Konplize izateari utzi eta arduraz erantzuteko garaia dute″. 

Bitartean, Altsasuko festetan, ″feministok jai giroa borrokatzen, erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzuten eta guztiendako seguruak izanen diren espazioak okupatzen jarraituko dugu″. Ziurtatu dutenez, ″kontzientzia hartzeko, saretzeko, antolatzeko eta zaintzeko lanean segituko″ dute. 

Erasoak salatzeko bidea 
Altsasuko feministak jakinarazi du bakarren batek haien bidez erasoren bat salatu nahi badu haiekin harremanetan jartzea besterik ez duela. Horretarako, erasorikezaltsasun@gmail.com e-posta helbidera idatzi daiteke.