Pilota

Altsasuko jaialdian Peña eta Albisu nagusi

Guaixe 2022ko ira. 15a, 09:52

Peña eta Albisu, artxiboko irudian. UTZITAKOA

Partida oso borrokatua izan zuten Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra

Atzo, Altsasuko festen lehen eguna, Baikok antolatutako pilota jaialdi profesionala hartu zuen itxura polita eta giro beroa zuen Altsasuko Burunda pilotalekuak. 

Jaialdia zabaltzen zuen partidan Joanes Bakaikoa etxarriarra eta Larunbe izan ziren nagusi. Alde handiz irabazi zieten Arteaga II.ari eta Eskirozi, 11 eta 22. Beraz, garaipena Sakanan geratu zen. 

Bigarren partidan hasiera batean Laso Imazekin aritzekoa zen, Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra. Laso da frontoietako izar berria, baina, tamalez, ezin izan zuen aritu eta pilotazaleek ezin izan zuten Biskarreteko aurrelaria ikusi, Baikok programazioan aldaketa egin zuelako. Horrela, Jakak eta Mariezkurrenak Peña II.a eta Albisu izan zituzten aurkari. Partida bikaina eskaini zuten laurok, oso borrokatua, eta, azkenean 22 eta 19 gailendu ziren Peña II.a eta Albisu.