Txirrindularitza

93. Altsasu Probak txirrindularitzaren izar handiak bildu ditu

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 15a, 15:34

Yanne Dorenbos herbeherearra gailendu zen Altsasuko esprint estuan. Ailetz Lasa bosgarren, Mulu Hailemichel zortzigarren eta Iker Mintegi hamalaugarren izan ziren. Miguel Indurainek eta Abraham Olanok banatu zituzten sariak

Txirrindularitza munduko izarrak afizionatuen 93. Altsasu Proban bildu ziren atzo, eta guztiak bere 26. Vueltan lan egitetik etorri berri zen Juan Mari Guajardo speaker altsasuarraren mikrofono aurretik pasa ziren. Miguel Indurain eta Abraham Olano txirrindulari ohiak ziren ezagunenak –zaletuek argazkiak atera zituzten beraiekin–, eta horretaz gain, Vueltatik itzuli berri diren Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari Jorge Azanza –Vueltaren ospakizuna Altsasuko festetan egin zuen, bezperan, bere lantalde guztiarekin–, Israel Start Up Nation taldeko kirol zuzendari Oscar Guerrero, Hegoi Martinez txirrindulari ohia, lasterketan parte hartu zuen Mulu Hailemichaelen aitapontekoa, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko teknikariak eta beste gerturatu ziren. Guztiek 93. Altsasuko Probaz ederki gozatu zuten. Aurten, nabarmentzekoa izan zen nazioarte mailako txirrindulariak izan zirela: Taiwan, Colombia, Costa Rica, Frantzia, Herbehereak…

Mintegiren saiakera
Hasieratik tropeltxo batek hartu zuen aurrea eta etengabeko erasoak izan ziren, eta hortik, azkenean, 15 txirrindulariz osatutako taldea gelditu zen buruan. Azken saiakera Iker Mintegi altsasuarrak (Laboral Kutxa) egin zuen, helmugara bidean Urdiain pasata erasoa jo baitzuen. Zoritxarrez, tropeltxoak irentsi zuen eta esprint estu batek erabaki zuen irabazlea Yanne Dorenbos herbeherearra zela, Xabier Berasategiren (Laboral Kutxa) aurretik. "Oso pozik nago irabazteagatik. Gainera, gaur nire urtebetetzea da –22 urte–, eta Indurain eta Olano bezalako txapeldun handiek saria eman izana zoragarria izan da" adierazi zuen Dorenbosek, txapela jantzi berri. 

Sakandarren artean, Ailetz Lasa (Laboral Kutxa) bosgarren sailkatu zen, Etxarrin bizi den Mulu Hailemichael etiopiarra (Rural Kutxa-Seguros RGA) zortzigarren, eta Iker Mintegi (Laboral Kutxa) hamalaugarren. Altsasuko Proba Euskaldun Txapelketarako azkenaurreko lasterketa puntuagarria zen –larunbatean jokatuko da azken proba, Oñatin–, eta Mulu Hailemichaelek ziurtatua du garaipena.