Ludotekako izen ematea zabalik

Guaixe 2022ko ira. 19a, 11:10
Haurrak Txantxari udal ludotekan jolasten. UTZITAKOA

Hilaren 28ra arte eman daiteke izena 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez. Informazioa nahi duenak 948 467 471 telefono zenbakira deitu edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidera idatzi dezake.

Txantxari udal ludotekak 0 eta 12 urte bitarteko umeei aisialdia eskaintzen die. Ikasturte berrirako izen ematea zabaldu du. Jakinarazi duenez, 4 eta 12 urte arteko haurrak asteko saio batean edo gehienez bitan eman dezakete izena. Haiek 5 euro ordaindu behar dute izena emateagatik. 0 eta 4 urte bitarteko umeendako dohainik da. Ludotekatik gaztigatu dutenez, izen emateak onartzeko garaian ordena errespetatuko du ludotekak. Behin betikoen onartutakoen zerrenda hilaren 30ean argitaratuko du udalak. 

Hala ere, saioren batean plaza librerik balego hartan izena emateko aukera legoke, baina, horretarako, ludoteka bertatik pasa beharko litzateke. Ikasturteari dagokionez, lastailaren 3an hasi eta maiatza bitarte iraunen du. Egoitza berria mustuko du gainera ludotekak, izan ere, Intxostiapunta eraikinak hartuko du ludoteka. 

Ordutegia 
2010 eta 2014 urteen artean jaiotako umeek astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 16:45era eta astearte eta ostegunetan 18:30etik 20:00etara dituzte saioak. 2015 eta 2018 urteetan jaiotakoek, berriz, astegunetan 17:00etatik 18:15era dute ludotekan egoteko aukera. Azkenik, 2019 eta 2022 urteen artean jaiotako umeek, heldu batek lagunduta, astelehen, asteazken eta ostiraletan dituzte saioak ludotekan, 18:30etik 20:00etara.