Erraldoi berriak hasi dira dantzan

Guaixe 2022ko ira. 12a, 08:57

Erraldoi berrien aurkezpena jendearen interesa piztu zuen.

Orain arte konpartsan zeuden Sorgina eta Momotxorro erraldoiek azkenekoz dantzatu zuten eta irudi berriei utzi zieten lekukoa.

Zumalakarregi plaza jendez beteta zegoela, eta bero handiarekin, Altsasuko erraldoi konpartsak egun berezia bizi zuen atzo. 90. hamarkadaz geroztik konpartsako kide ziren Sorgina eta Momotxorro erraldoiak azkenekoz dantzatu zuten. Dantzarima dantza taldeko kideak izan zituzten agurreko dantzan lagun. Bukaeran bi erraldoiak txalo artean despeditu zituzten altsasuarrek eta dantzariekin batera alde egin zuten. 

Haiek joan eta adarra entzun zen, gaitarien doinuak ondoren. Zumalakarregi plaza betetzen zuten altsasuarren artean espektazioa handia zen. Eta gaitariekin batera Sorgina eta Momotxorro erraldoi berriak plazan sartu ziren. Figura errealistak dira, altsasuarrei gustatu zitzaizkien. Haiek eta bi kintoen erraldoiak (2019koak) elkarrekin dantzatu zuten plazan. Bukatzean, Erraldoi eta Buruhandien konpartsako kide batek hitza hartu eta eskerrak eman zituen. Horrekin batera, altsasuarrak konpartsako kide egitera gonbidatu zituen. Azkenik, gastuei aurre egiteko kamisetak salgai dituztela ere jakinarazi zuen. 

Bi erraldoi berrien aurkezpena eginda, segizioa kalejiran abiatu zen. Foru plazara 19:30ean iritsi ziren. Bi erraldoiak Aitor Callejak egin ditu eta udalak haiengatik 11.500 euro ordaindu ditu. 

Erlazionatuak