Haur eta gazteendako euskarazko eskaintza handitzeko eskaera

Guaixe 2022ko ira. 21a, 09:04
Haurrak tirolinan jolasten. ARTXIBOA

Ikastetxeaz eta eskolaz aparte, aisialdia euskalduntzea ezinbesteko jo du Kultura Euskaraz, Ainguratu Gura ekimenak. Horretarako, ETB 3ren emisioak jasotzea, kultur guneko euskarazko programazioa handitzea, eskolaz kanpoko eskaintza euskaraz izatea eskatu du.

Euskara ezagutzea eta euskaraz hitz egitea edo euskaraz bizitzea gauza bera ez dela jakitun, seme-alabak ″euskaraldun aktibo izatea″ nahi dute hainbat gurasok. ″Horretarako, ez da nahikoa eskolan eta etxean euskaraz aritzea edo ikastea. Hizkuntza batean bizitzeko, ez da nahikoa etxeko eta eskolako lana. Hizkuntza batean bizitzeko hizkuntza horretan gozatu egin behar da″, adierazi dute. Eta ″gozatze″ horretarako ″aisialdia euskalduntzea premiazkoa″ jo dute, haien iritziz, ″momentu honetan Altsasun euskaraz bizitzea oso zaila baita ume, gazte zein helduondako″. 

Ekimenak haur eta gazteek ″euskara ekintza dibertigarriekin lotzea″ nahi dute, ″euskaraz bizitzeko″. Izan ere, hainbat gurasok ezinbesteko ikusi dute haien seme-alabek ″euskara egunerokoan aritzeko beharra″. Jakina, ″horretarako, helduok, gurasook eredu izan behar dugu, eta zer esanik ez udalak″. Horregatik, eskatu diote ″bere egiteko guztietan euskararen normalizazioa presente″ egotea. 

Hiru foku
Haur eta gazteen aisialdia euskalduntzeko fokua hiru tokitan jarri dute. Aurrena, pantailak. ETB 3 ikusteko aukerarik ez dagoenez, ″ezinbestean, telefono konpainia hautatzerakoan, ahal denean, ETB 3 eskaintzen dituzten konpainiak hautatu ditugu″. Kate hori eta pantailak euskaraz izatea lortzeko udalari eskatu diote ″dagokion foroetan eskaera horren alde borrokatzeko″. 

Bigarren fokua herriko kultur eskaintzan jarri du Kultura Euskaraz, Ainguratu Gura ekimenak. ″Etxetik ateratzerakoan, euskaraz bizitzen jarraitzeko kultur eskaintza zaindu nahi izan dugu beti, baina gure herrian ez da erraza izan, eta gure seme-alabak eta gu geu euskaraz bizi ahal izatea oso zaila da″. Kexu da hilean behingo euskarazko zinema emanaldia eskasa delako. ″Egun, euskaraz dakien ume eta gazteen ehuneko altua da, zorionez, eta ume eta gazteen kultur eskaintza, eskutik joan beharko litzateke″. Helduendako eskaintzak ere bide bera segitu beharko lukeela gaineratu du. ″Egia izan daiteke euskarazko kultur eskaintzek jende gutxiago jasotzen dutela, baina ohitura sortzeko, eskaini egin behar da. Egun dagoen hutsunea handia da, eta ezinbestekoa da lehenbailehen hori aztertu eta dauden aukera eta baliabide guztiak martxan jartzea″. 

Iortia kultur guneko programazioaz aparte, kultur eskaintza festa eta ospakizunetan ere badagoela gaztigatu du. Horregatik, udalari ″euskararen egoerak eskatzen duen tamainako erantzuna izatea eskatu″ dio, ″horietan guztietan haur eta gazteei zuzendutako ekintzak euskaraz eta euskal kulturan oinarritutakoak izatea ezinbestekoa ikusten dugu″. Helduendako eskaintzarako ere aldarrikapen bera egin du.  

Azkenik, ekimenak eskolaz kanpoko eskaintzari erreparatu dio. ″Udalak bermatu beharko luke euskaraz eskaini ez ezik, euskaraz egiten direla, eta komunikazio-hizkuntza euskara dela; batzuk erdaraz egiten baitira″.