Urdalurko urtegitik Altsasuko ur biltegira (5.000 metro kubikoko gaitasuna du 14.300 biztanlerendako aurreikusi baitzen) sartzen den uraren eta udalak kontadoreen bidez kobratzen duen kopuruaren artean alde handia dago: milioi bat metro kubiko urtero. Ur hori udalak ordaindu behar izaten du, jakina. Herriko uraren behe hornidurako sarearen zati handi bat oraindik mikrozementuzko hodiz osatuta dago. Hodi horiek hauskorrak dira eta udalak hainbat lan egin behar izan ditu horiek konpontzeko. Ur biltegitik herrira, San Joan kale hasierara heldu den hodia ere mota horretakoa da, 1970. urtean jarritakoa.
Ordutik biltegiaren eta herriaren arteko zatian hainbat aldaketa egin dira saihesbidea eta autobia eraikitzean eta Geltoki auzoko sareak eta zoladura berritzean. Horregatik, udalaren susmoa da ur ihes handi bat dagoela Ibarrea industrialdera doan zubiaren eta herriaren artean. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, "2020an egin zen ikerketa batean agerian gelditu zen ur biltegiaren eta aipatu zubiaren artean ez zegoela ur ihesik".
Horregatik, Altsasuko Udalak erabaki du ur biltegitik herrira arteko ur ekarriko hoditeria berritzea. Lanek 996.696,42 euroko aurrekontua dute. Lan hori egiteko udalak Nafarroako Gobernuaren laguntza ezinbestekoa du. Horregatik, lana 2023-2025 Tokiko Azpiegitura Planean sartzea eskatu dio foru administrazioari.
Altsasuarrak Dantzaleku parean paseatzen.
Beste ur sare bat
Foru administrazioaren dirulaguntza deialdi horretara beste hiru lan aurkeztu ditu udalak. Alde batetik, Dantzaleku kirol gunea, Altsasu institutua eta Iñigo Aritza ikastola urez hornitzen dituen ur sarea berritzea nahi luke udalak. Alkateak azaldu duenez, "sare horrek aipatutakoak eta San Pedroko Bidea kaleko zenbait etxe urez hornitzen ditu. Mikrozementuzkoa da eta zatirik handienean oso hondatuta dago. Ondorioz, haustura ugari izaten dira. Gainera, egoera beragatik ur ihesak ohikoak dira". Ollok azpimarratu duenez, "udan, igerilekua prestatzean eta zabaltzean, arazoak areagotu egiten dira: igerilekua betetzean edo ura berritzean bi ikastetxeetako uraren presioa jaisten da eta eragozpen handiak sortzen dizkie".
Konponbidea litzateke fundizioko ur hodiak jartzea, ur irakurgailuak berritzea eta erregistro kutxatiletan ura mozteko giltzak jartzea. "Horrela balizko ur ihesen kontrol eraginkorragoa eta momentukoa genuke. Gainera, ur ihesa balego sarea sektoretan banatzea errazagoa litzateke", azaldu du alkateak. Udalak lan hori 2024 eta 2025 urteen artean egin nahi luke. Bere aurrekontua 183.136,35 eurokoa da.
Sareak eta zoru berritzeak
Herriko zabalgunean egin dituen azken inbertsio handiekin Altsasuko Udalak Zumalakarregi plazako zorua berritu du eta Amaia eta Bakea kaleko zati bateko sareak eta zoladura berritu ditu. 2024 eta 2025 urteen artean lan horiei segida eman nahi lieke Bakea eta Gipuzkoa kaleetan. Azkeneko kalean ur hoditeria mikrozementuzkoa da eta guztia aldatzea da helburua. Aurrenekoan, berriz, azken 20 urteetan hainbat lan egin dira eta, beraz, halakoak gelditzen diren tarteak berrituko lirateke. Saneamendu sarea porlanezkoa da, 30 urte ditu eta oso hondatuta dago, beraz, sare guztia berrituko litzateke. Makinek kalea zulatuko balute, udalak zerbitzuendako kanalizazioak egiteko baliatuko luke. Bi kaleetan ere zorua guztiz berrituko litzateke. Azken lan horiek baliatuko lirateke gainontzeko kaleetan egin den bezala oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko. Lanek 1.451.033,45 euroko aurrekontua dute.
Udaletxea
Batetik, herriaren etxeko energia eraginkortasuna hobetzeko inguratzaile termikoa eginen da. Bestetik, barruko aldearen erabateko berrikuntza eginen da. "Udaletxeak gaur egun gabezia handiak ditu: espazio ez egokia, termika eta akustika isolamendu eskasa, airea berritzeko instalakuntza falta, udal artxiboa hartzeko espazio falta eta Udaltzaingoak ez du aldagelarik, armategirik ezta bilera gelarik", azaldu du Ollok. Hori guztiak konpontzeko udaletxean honako aldaketak egin nahi dituzte: eraikinaren barruko aldearen erabateko erreforma, beheko solairua handitzea teilatu azpian dagoen artxibategia eta Udaltzaingoaren espazioa egokitzeko. Lanek 1.383.737,34 euroko aurrekontua dute.
2026-2028 aldirako aurreikusitako inbertsioak
Udalek, ziurrenik, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskaerak 2024an aurkeztu beharko dizkiote
Sareen konponketa
- Zelai kaleko 146 zenbakiaren eta Texeria Aldapa kaleko 2. zenbakiaren arteko ur sarea berritzea.
- Beheko benta eta Gasteiz Etorbideko ur eta saneamendu sareak berritzea. Sareak eta zoladura berritzea
- Isidoro Melero kalean berritzea falta den zatia.
- Jose Maria Ezkurra kalea.
- Zelai kalearen zati bat.
Erabilera askeko dirua
Nafarroako Gobernuak udalei nahi duten inbertsioak egiteko dirua emanen die urtero. Udalak aurten 95.436 euro jasoko ditu eta Amandrea plazaren zorua berritzera bideratuko du, udalaren zatiaren parte bat ordaintzeko.
- 2023 Otadia urbanizazioko euri eta saneamendu sareak bereiztea.
- 2024 Erburua kaleko saneamendu sarea berritzea, ″arazo handia baitago″. Sare horrek 30 urte ez dituenez, ezin da gobernuaren dirulaguntza deialdian sartu.
- 2025 Ibarrea industrialdeko sareak eta zorua berritzea. Industrialdeak berritzeko dirulaguntza deialdiarekin bateragarria da.
- 2026 Ondarria industrialdeko sareak eta zorua berritzea. Industrialdeak berritzeko dirulaguntza deialdiarekin bateragarria da.
- 2027 Zehazteke.
- 2028 Zehazteke.