Pilota

51. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoak baditu txapeldunak

Guaixe 2022ko ira. 19a, 11:30
Mistoen mailako irabazleak, Oier Mitxelena eta Aizane Ibarrola. UTZITAKOA

Festa giro ederrean jokatutako finaletan Ibarrola eta Mitxelena, mistoetan, eta Egiguren-Lizeaga, eliteetan, gailendu ziren

Atzo, igandea, Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk antolatutako 51. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko finalak jokatu ziren Burunda pilotalekua giro ederrez jantzi zuten 300 pilotazaleren aurrean. 

Lehenik eta behin kategoria mistoko finalak jokatu ziren. Ikusmina handia zen, Pilotajaukuko bi altsasuar elkarren kontra aritu baitziren, Urko Lanza eta Oier Mitxelena. Lanzak Amaia Arrastia izan zuen bikote, eta Mitxelenak Aizane Ibarrola. 30 minutu iraun zuen partidan 200 pilotakada gurutzatu ziren eta Ibarrolak eta Mitxelenak aurrea hartu zuten hasieratik, 12 eta 3 aurreratu baitziren. Hala ere, Lanzak eta Arrastiak ez zuten etsi eta partida parekatzea lortu zuten, 12 eta 15 hurbildu baitziren, baina hortik aurrera Mitxelenak eta Ibarrolak jokoan zeuden tanto guztiak egin zituzten eta zuzenean joan ziren 12 eta 22ra, garaipen sendoa lortuta. 

Elite mailan Fernandez errioxarrak eta Erle gipuzkoarrak Egiguren eta Lizeaga gipuzkoarrak izan zituzten aurkari. Finala oso gogorra izan zen lau pilotariendako, baina esan beharra dago Egiguren eta Lizeaga bikote osoagoa, sendoagoa izan zirela, bai erasoan eta baita defentsan ere. Horrela, nahiz eta partida paretsu hasi, zazpina eta zortzina berdindu baitzuten, hortik aurrera Egigurenek eta Lizeagak aurrea hartu zuten, eta 11 eta 18 aurreratuta, partida zeharo bideratu zuten. Azkenean, 14 eta 22 irabazita, Altsasuko torneoko txapelak jantzi zituzten. 

Sari emate ekitaldian torneoko klub antolatzaileetako ordezkariak, Javier Ollo alkatea, Altsasuko udaleko kirol zinegotzi  Mari Carmen Goikoetxea eta Nafarroako Pilota Federazioko presidente Javier Conde izan ziren.