Futbola

Altsasuk garaipenarekin ekin dio Erregional mailari

Guaixe 2022ko ira. 19a, 11:55
Joan zen urteko Altsasuko Erregional mailako taldea. Aurten bitan zatitu da, Preferente mailan eta Erregionalean, jubeniletatik igo diren jokalariekin batera.

Erregional maila. Laugarren multzoa. Lehen jardunaldia: Altsasu B 3 – Beti Kozkor B 2

Erregional mailako 2022/2023 denboraldia asteburuan hasi zen, eta larunbatean Dantzalekun lortutako garaipen ederrarekin ekin zion ikasturteari Altsasuk, Lekunberriko Beti Kozkor B taldeari 3 eta 2 irabazita. Atsedenaldia baino lehe, 43. minutuan mustu zuen markagailua Jon Lopez de Goikoetxeak. Bigarren zatian Unai Calvok Altsasuren bigarrena lortu zuen, eta partida bukatzear zela, 86. minutuan, Eneko Garasak hirugarrena sartu zuen. Orduan iritsi zen ezustekoa, 90. minutuan Beti Kokorreko Iosu Mariñelarenak bi gol sartu baitzituen, bata bestearen segidan. Zorionez, partida berehala despeditu zen eta hiru puntuak Altsasun geratu ziren. 

Sailkapen orokorrean Beti Onak B taldea da liderra (3 puntu) eta Altsasu laugarren da (3 puntu). Datorren asteburuan San Ignacioren kontra jokatuko du Altsasuk.