Irailaren 14tik 18ra ospatu dira pandemiaren ondorengo Altsasuko festak. Jai egun jendetsuak izan dira Altsasun, eta udalak zein Altsasuko peñak eta Jai batzordeak antolatutako ekimenak arrakastatsuak izan dira. Peñek egunero kafearen ondoren kalejira egiten zuten, eta osteguna Lagun Onak elkarteko kideendako egun berezia izan zen 50 urteurrena ospatzeko bazkarian bildu zirelako. Ondoren, kalejira egin zuten eta peñekin elkartu ziren, jaitsiera egiteko. Jaitsiera egunero egun dute peñek.
Larunbatean, Altsasu Auzolanean Eraikiz taldeak antolatutako eta prestatutako 900 pertsonendako herri bazkaria izan zen kiroldegian, Gozo gozo taldearen musikaz lagunduta. Gauan, Zetak taldearen kontzertua izan zen plazan. Aurreko egunetan ere musika eskaintza handia izan zen, Bon Jovi talde mitikoaren tributoarekin eta Tropa do Carallo taldearekin. Trasteando taldeak itxi zituen Eguerdiko kontzertuak, igandean.
Igande eguerdian ere seigarrenez ospatu zen Munduko Arrozak Altsasun. Nigeria, Senegal, Maroko, Bielorrusia, Ukraina, Kolonbia, Venezuela, Nikaragua eta Bulgariako jatorria duten sakandarrek eta Sakanan Harrera Harana plataformako kideek egindako arrozak dastatzeko aukera izan zen. Aurtengo edizioak bi berritasun zituen: Zubeztia plazatik Zumalakarregi plazara aldatu zela ekimena eta dastaketa egiteko platera koilara eta txartelaren truk euro bat ordaindu behar zela. Kokapen berriak goiz-goizetik jende asko erakarri zuen. Eta jendeak gogoz ordaindu zuen euroa, arrozak dastatzeko gogoz baitzegoen.
Altsasuko lau erraldoiak bita atera ziren festetan: lehenengoan eta azkenengoan. Lehenengo kalejiran Momotxorroa erori zen eta matxuratuta gelditu zen, baina azken egunerako konpontzea lortu zuten eta jendearen txaloak jaso zituen.