Autobusak ekoizten dituen Altsasuko enpresak ehun autobus salduz hasi du ikasturtea. Sunsundeguik SC7, SC5, SB3 GO eta SB3 modeloak ekoizten ditu. Jasotako eskaera zorroan denetariko eskaerak daude, baina zuzendaritza pozik dago SB3 GO modeloak izan duen harrerarekin. Ibilbide labur eta ertaineko zerbitzuetarako diseinatua, modelo hori sinpletasunean, funtzionaltasunean eta barrualdeko modularitate eta aldakortasun handian oinarritzen da. Bestetik, zuzendaritzak jakinarazi du Frantzia eta Italiako autobus azoketara joanen dela. Han aipatu modeloa aurkeztuko du, zenbait teknologia berritasunekin: izkinako argiak eta bereizmen handiko HD kamerak, atzerako ispiluen ordez.
Enpresak azaldu duenez, ehun autobus horien eskaerarekin bere bideragarritasun plana gauzatzen hasi da, eta eskaera horiek ″etorkizunerako planaren aurreikuspenak berresten″ dutela gaineratu dute. Salmentak 8,9 milioi euroko mailegua eman dion Cofides eta Sodenaren aurrean ″bultzada handia″ dela nabarmendu dute zuzendaritzatik, gaineratuz, bultzada ere badela langileei eta altsasuarrei begira ere″. Lantegian 230 langile baino gehiago ari dira lanean.