Hondakinak bereizteko lanketa festan

Guaixe 2022ko ira. 29a, 09:00

Hondakin bilketa zerbitzuko langileak edukiontziak kamioian husten. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateak ostalariei hondakinen bereizketa egokiari buruzko informazioa eta materia organikoa biltzeko pertzak eta edukiontzi marroirako giltzak eman dizkie.

Zero Zabor Komertzioak kanpainarekin Altsasuko ostalari gutxi batzuk materia organikoa banatzeko pertza eta edukiontzi marroirako giltza hartu zituzten joan den urtean. Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketa Zerbitzuko hezitzaileak hilaren 13an Altsasuko 30 tabernetatik pasa ziren eta orain guztiek dute informazioa eta materia organikoa bereizteko pertzak (10 edo 40 litrokoak) eta edukiontziko giltzak emateko. Ostalaritza hondakin sortzaile handia denez, hondakin horiek egoki bereiztea beharrezkoa da behar bezala birziklatzeko. 

Gainera, aurten onartutako Hondakinen Legeak derrigorrezkoa bihurtu du materia organikoa bereizirik biltzea. Bai herritarrek bai ostalariek egin behar dute hori. Bestela, beste hondakinekin nahastutako materia organikoa Tuterako hondakindegian bukatzen du (harainoko garraioa ordaindu behar, kutsadura…), Sakanan konpost bihurtu daitekeenean. 

Sakanan hori egiten duten ostalaritzako establezimendu ugari eredugarriak dira hondakinen bereizketan, eta Mank-ek orain nahi du Altsasukoak ere hala izatea. Horregatik, ostalariei lan ohituretan hondakinen bereizketa egokia barneratzera gonbidatu ditu. Ohitura hori taberna edo jatetxeko kide guztiek izan behar dutela nabarmendu dute Mank-etik, barran edo sukaldean lanean ari direnetatik hasi, lokala garbitzen duenarekin segi eta hondakin poltsak edukiontzietara botatzen dituztenekin bukatzeko. 

Mank-eko hezitzaileak ostalariekin biltzeaz aparte, Altsasuko Udalera ere jo zuten. Haien eskaerei erantzunez, udalak festetan ez du obretako edukiontzi handirik jarri hondakinak jasotzeko. Han mota guztietako hondakinak nahastu eta, azkenean, errefusa gisa tratatu behar zituen Mank-ek. Hori eragozteko, Mank-ek betiko bilketa tokiak edukiontzi gehiagorekin indartu ditu, sortu zen hondakin kopurua jaso ahal izateko.