Datorrenaren teaser bat egin du Castillo Suarezek irailaren 7an Donostiako Victoria Eugenia klubean egindako poesia errezitalean. Izan ere, urte berrian Elkarren eskutik argitaratuko den Alaska liburuaren aurrerapen bat izan zen. Aurrerapena youtuben ikus daiteke, eta irarkutzeko liburuxka ere kaleratu dute, momentuz. "Dena gurutzatuta dago". Urtero Donostian Euskal Jaiak antolatzen dituzte eta horien barruan Poesia Orduak egiten dira. Bi errezital egiten dituzte, eta Suarezi errezital bat egitea proposatu zioten. Hurrengo egunean Joseba Sarrionandiak egin zuen poesia errezitala. "Errezalde pentsatu nuen Elurra elurraren gainean nire azkeneko liburua denez horri buruz egitea, baina ikusi nuen ez zuela horrelako gauza baterako ematen". Idazleak argi zuen Juantxo Zerberioarekin egin nahi zuela emanaldia, "nire ilusioa zen bararekin egitea", proposatu zion eta orduan erabaki zuten "ezetz", liburu hori ez zutela haintzat hartuko eta, orduan, Alaska hotelari buruz zituen testu batzuk hartu zituen.
Alaska hotelaren irudi zaharra. UTZITAKOA
"Alaska sinbolo bat da. Errezitalean emakume batek esan zidan berak bazuela Alaska bat". Memorian gelditzen diren toki horiek dira Alaska. "Gure oroitzapenei lotuta dauden tokiak". Aurretik horren inguruko zenbait testu eginda zituen Suarezek, eta propio errezitalerako gehiago egin zituen: "Berezi da alde horretatik, nik normalean narraziorik ez dut egiten, baina poema sueltoak egin ordez, hari narratibo bat egin nuen". Material "dezente" bazuen, baina emanaldirako osatu behar zuela esan du idazleak. "Nik normalean poemak liburu batean irakur daitezen idazten ditut, eta ez da berdina irakurtzeko egitea edo emanaldi baterako egitea".
Poesia Orduak ekimenean egindako poesia errezitalak hiru hanka zituen, eta sortzaileen asmoa behin bakarrik egitea zen: "Nik testuekin, Juantxo Zeberio musikarekin, gauza bera, sortu zituen melodia batzuk eta nik adibidez eskatu nion Bortü txoria izeneko kanta, testuan aipatzen den bezala, gure oroitzapenekin lotuta dauden kantak direlako". Hirugarren hanka Xabi Lozano izan zen eta Victoria Eugenia klubak hotel abandonatu baten itxura har zezan egokitu zuen; altzariak, euria erortzen zen... "Izugarrizko lan teknikoa izan da".
Alaska
Poesia errezital eta antzerki bitarteko zerbait izan zen Alaska: "Bueno, bai. Niri izugarri kostatu zitzaidan zerbait da; ni ez naiz gauza horietan batere trebea. Bakoitzari berea" Baina eszenografia eta "giroa" kontuan hartuta, laguntzen duela esan du Suarezek. Poesia errezital honen atzean "izugarrizko" lana dago. "Gauzak sortzen, musika egokitzen eta biak uztartzen, eta teknikoki ere aretoa prestatzeko diseinua eta goizetik dena muntatzen egon ziren langile guztiak". Emanaldia behin egiteko sortu zuten, "opari bat zen guretzat eta gure lagunentzat", baina toki gehiagotan egitea eskatu diete, "baina ez dakigu, egia da areto oso berezia dela Victoria Eugeniako Kluba horrelako atrezzo bat jartzeko".
Alaska hotela N-1 errepidean dagoen hotel bat da, gaur egun abandonatuta dagoena. Zergatik aukeratu du Suarezek Alaska? "Nire etxetik gertu zegoelako. Egia da bide horretatik hotel gehiago zeudela: Leku Ona, Ulaiar, Buenos Aires... Baina Alaska berezia da arkitekturagatik, berezia da nola sortu zuten, zergatik daukan izen hori, pertsona batek Alaskan dirua egin zuen eta hor dago oraindik. Arkitektonikoki izugarria da eta, gainera, igerilekua zeukan". Estetikoki oso nabarmena da Alaska Hotela. "Jende asko zebilelako ere. Oraindik ere askotan pasatzen naiz aurretik, eta iruditzen zait jende askori pena ematen diola hutsik eta egoera horretan ikustea".
Baina Alaska errepide bazterrean dagoen hotel bat baino gehiago da. "Nik uste denek daukagula horrelako toki bat". Ideia Maddi Barberena dela azaldu du idazleak, "Maddi Barberenak Itoiz eta urpean gelditu ziren herriei buruzko dokumental bat egin zuen, eta tokien doluaz hitz egiten zuen: Nola egiten den tokien dolua". Galdera horretatik abiatutako proiektu bat da Alaska. "Nola egiten den tokien dolua eta zergatik gordetzen ditugun gordetzen ditugun gauzak, objektuez ari naiz, eta zergatik botatzen ditugun beste gauza batzuk. Zer lotura emozionala dagoen". Suarezek azaldu duenez, askotan hitz egin du giza harremanei buruz, baina ez "gu eta gauzen artean zer lotura dagoen eta zein oroitzapen datozkigun".