Erraldoiek altsasuar berriei eskainitako dantzarekin despeditu zen haiei ongi etorria egiteko antolatutako ekitaldia. Hartan, Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek ″hainbat baldintzengatik eta arrazoirengatik bizimodu berri baten bila″ altsasuartu direnei ongi etorria emateaz arduratu zen. Ollok gogorarazi zuen ″historikoki Altsasuk migrazio asko erakarri″ duela, ″harrera egiten dakien herri bat gara. Eta gaur egun ere egiten ari gara″. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako koordinatzaile Arantxa Erbiti Belokik jakinarazi zuen diziplina anitzetako langileek lan egiten dutela. Eta altsasuar berriei, behar izanez gero, laguntzeko daudela azaldu zien. Horretarako, lehenik, hitzordua eskatu behar dela eta, ondoren, hitzorduan aurrez aurre ariko zirela azaldu zuen.
Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari Izaskun Errazkin Beltzak azaldu zien bi hizkuntza ofizial daudela, baina historian barna izandako hainbat gertaerengatik euskara ″desorekatuta″ dagoela. Zerbitzuak euskararen presentzia sustatzen lan egiten duela azaldu zuen. Euskara ″aukerak″ ematen dituen hizkuntza azpimarratu eta altsasuar berriei euskarara gerturatzeko proposatu zien: haiek edo seme-alabak euskara ikastera animatu zituen. ″Euskara topagunea baita″ eta seme-alabak D ereduan matrikulatzera gonbidatu zituen, ″hala herriko beste haurrekin elkarbiziko dira″.
Azkenik, Mank-eko Anitzartean kulturarteko teknikaria Begoña Zestau Baraibarrek jakinarazi zuenez, Zumalakarregi plazan egiten ari zen Munduko Arrozak ekimena herritarrek proposatuta egiten hasi zen. ″Beraz, bakarren batek jardueraren bat antolatu nahi baduzue, zerbitzuarekin harremanetan jarri eta elkarrekin aztertuko dugu zer egin″. Azaldu zien Sakana Harrera Harana elkartea ere badagoela.