Munduko Arrozen aldaketak, arrakastatsuak

Guaixe 2022ko ira. 20a, 13:16
Jendea poleki bildu zen Zumalakarregi plazan.

Goizetik jende asko pasa zen Zumalakarregi plazatik eta hondakin gutxiago sortzeko plateragatik euro bakarra ordaintzea ere eraginkorra izan zen. 

Festen egitarauaren barruan izena hartu duen jarduera da Munduko Arrozak. Seigarren aldiz antolatu dute aurten Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Sakana Harrera Haranak eta Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Antolatzaileek aho zapore onarekin bukatu zuten igandean. Izan ere, bederatzi jatorritako sakandarrek arroza prestatzen hasi bezain laster jendea plazara hurbildu eta errezetez galdetzen hasi zen. Hainbat izan ziren errezeten osagaiez eta egikerez galdetu eta apunteak hartu zituztenak. Hori ikusita, antolakuntzak sukaldarien mahai bakoitzaren izkin batean laburpena jarri zuen. 

Goiz osoan jende emari handia pasa zen Zumalakarregi plazatik. Antolakuntzak nabarmendu zuenez, Zubeztia plazan egin zenetan, herritar gehienak arrozak dastatzeko unean besterik ez ziren hurbildu karpara. Beraz, aldaketarekin hainbat jatorritako altsasuarrak harremanetan jarri zirela eta, pozik zeuden antolatzaileak. Pozerako beste arrazoia izan zen arrozen dastaketarako platerak euro batean kobratzeak ez zuela inor atzera bota. Haietan hartu zituzten Nigeria, Senegal, Maroko, Bielorrusia, Ukraina, Kolonbia, Venezuela, Nikaragua eta Bulgariako jatorria duten sakandarrek eta Sakanan Harrera Harana plataformako kideek egindako arrozak. Dena bukatzean, parte hartzaileek Altsasuko pentsiodunen taldeak prestatu zuten arroza bazkaldu zuten. Mahaiaren bueltan 50 pertsona elkartu ziren.