Futbola

Altsasu, hirugarren Erregional mailan

Guaixe 2022ko ira. 28a, 09:37

Erregional maila. Laugarren multzoa. Bigarren jardunaldia: San Ignacio 2 – Altsasu B 3

Erregional mailako Altsasuk bigarren jardunaldia zuen jokoan eta bigarren garaipena lortu du, jarraian, San Ignacio taldeari 2 eta 3 irabazi eta gero. 

Partidak eromenezko hasiera izan zuen. Zortzigarren minuturako Ion Insaustik Altsasu aurreratu zuen, baina minutu bat beranduago San Ignacioko Tomas Izkok partida berdintzea lortu zuen eta 4 minutu beranduago Aitor Larak, zorigaitzeko jokaldi batean Altsasuren ate propioan gola sartu zuen. Horrela, SAn Ignacio 2 eta 1 jarri zen aurretik. 

Altsasu partidari buelta ematen saiatu zen eta 50. minutuan Eneko Verak bina berdindu zuen. Ekinean jarraitu zuten altsasuarrek, 65. minutuan Julen Floresek garaipenaren gola sartu arte. Abantailari ongi eutsi zion Altsasuk, eta hiru punturekin itzuli ziren etxera. 

San Jorge da liderra (6 puntu) eta Altsasu hirugarren da (6 puntu). Asteburuan hirugarren jardunaldia dago jokoan eta Altsasuk Gazte Berriak taldea hartuko du larunbatean, 17:00etan, Dantzalekun.