Atletismoa

Sakanako Emakumeen Atletismo Eskolak 11 urte

Guaixe 2022ko urr. 4a, 12:15

Hiru emakume Dantzalekun entrenatzen.

Urriaren 14an hasiko da, Altsasuko Dantzalekun, eta izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateak, hainbat entitateren laguntzarekin, beste behin Sakanako Emakumeen Atletismo Eskola martxan jarriko du. 2011n abiatu zen lehenengoz eskola, eskari bati erantzuna emanez, emakume batzuk korrika ikasteko teknikak ikasi nahi zituztelako, eta, aldi berean, emakumeak elkartzeko beharra ikusten zutelako, gero ezagunak egin eta korrika egitera edo lasterketetara batera joateko. Ordutik Sakanako Emakumeen Atletismo Eskolak helburu berdinekin lanean jarraitzen du, Kirol Zerbitzuak bertan egiten den lana "oso positiboa" dela baloratzen duelako. Aurten bere 11. denboraldiari ekingo dio. 

Joan zen urtean bezala, Maalen Beraza Etxarri irintarra izango da eskolako monitorea. Klaseak ostiral arratsaldeetan izango dira, Altsasun, Dantzalekuko atletismo pistetan, 17:00etatik 18:00etara. Aurtengo denboraldia urriaren 14an hasi eta maiatzaren 26an despedituko da, eta 29 saio izango dira guztira. 

Izena ematea zabalik dago, Mank-eko Kirol Zerbitzuan, eta ikasturte osoko prezioa 50 eurokoa da. Izena ematen dutenek klasera joateko konpromisoa hartuko dute, eta ezin badute joan, justifikatu beharko dute.