Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuaren egoitzan egin duen Osoko bilkuran izendatu dute Castillo Suarez altsasuarra euskaltzain oso. Hala erabaki du Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran. Euskaltzainek Patxi Zabaleta euskaltzain emerituaren ordezkoa aukeratu beharra zuten eta, horretarako, bi hautagai zituzten: Paula Kasares eta Suarez. Aurrenak uko egin eta altsasuarrak izendatua izateko gehiengo osoa eskuratu du. Suarezek orain zortzi hilabete izanen ditu sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izanen du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia eginen dio euskararen akademiak.
Altsasuarra euskaltzain urgazle izendatu zuten 2016ko apirilaren 29an. Joan den urtetik sustapen batzordean aritu da lanean. Suarezek Euskaltzaindiko 9. aulkia hartuko du, aurretik Damaso Intzakoak eta Patxi Zabaletak izan dutena. Altsasuarra bigarren euskaltzain oso sakandarra da. Akademian halako ardura izan zuen lehenengoa Jose Mari Satrustegi Zubeldia arbazuarra izan zen. Bestalde, Jose Luis Erdozia Mauleon etxarriarra euskaltzain urgazlea da 2006ko maiatzaren 26tik. Euskalkien lantaldean ari da lanean 2005etik.
Gaur egun, 22 euskaltzain osoz, hamar euskaltzain emerituz, 145 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 96 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.
Euskaltzain oso berria
Castillo Suarez Garcia (Altsasu, Nafarroa, 1976). Euskal Filologian lizentziaduna da eta Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar), Irautera (2019, Elkar) eta Elurra elurraren gainean (2022) izan dira. Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da. Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, Ebelina Mandarina (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat dauka: Iparraldeko neska. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta bere testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…) itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.
Parlamentariak
Nafarroako Parlamentuko presidentea Unai Hualde Iglesias altsasuarrak eta hainbat parlamentarik harrera egin diote Euskaltzaindiari. Hualdek azaldu duenez, ″Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek euskara ‘zaindu beharreko ondasun’ gisa ikusten dute. Desadostasunak egon badaude, baina euskarak aurrera jarraitzen du eta hori, zalantzarik gabe, albiste ona da″.
Hualdek euskaltzainak egiten duten lanagatik zoriondu ditu, eta “Parlamentuarekin elkarlanean jarraitzeko” eskatu die, “gure hizkuntza sustatzen jarraitzeko. Euskaltzaindiaren mendeurrena zela eta, 2019ko abenduan Ganbera honek euskara babesteko eta garatzeko egin duzuen lana goraipatu eta balioetsi zuen, izan ere, zailtasunak zailtasun euskarak bere bidea egiten jarraitzen baitu. Eskerrik asko”.