Musika aplikazioen ikastaroa, euskaraz

Guaixe 2022ko urr. 3a, 10:20

Sarean euskaraz egitasmoak aplikazioen bidez musika sortzeko ikastaroa eskainiko du urriaren 8an, larunbata, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. 

Mugikorrek, tabletek eta antzeko gailuek eskaintzen dituzten musika aplikazio berriak erabiltzen ikasteko ikastaroa emanen du Sarean euskaraz egitasmoak urriaren 8a, larunbata, 18:00etatik 20:00etara, Intxostiapunta gazte gunean. Aplikazioak "era errazean, intutitiboan eta dibertigarrian" erabiltzera bideratutako saioa da, eta musika sortzen, nahasten nahiz zabaltzen ikasiko dute parte hartzaileek. Baldintza bakarra bakoitzak bere smartphonea edo tableta eta aurikularrak eramatea da. Ikastaroaren zuzendaria DJ Makala izanen da, eta doako ikastaroa da, baina aurretik izena eman behar da sareaneuskaraz.eus webgunean. 

Sarean euskaraz programaren helburu nagusia euskarazko kultura digitala sustatzea eta ezagutaraztea da, eta Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, bultzatzen du. Honen barruan ere Arbizuko liburutegian 3D Inprimagailuak ikastaroa izanen da urriaren 15ean, larunbata, 11:00etatik 13:00etara.