Futbola

Gazte Berriaken atzaparkada Dantzalekun

Guaixe 2022ko urr. 4a, 12:50

2021/2022 denboraldiko Altsasuko erregional taldea. ARTXIBOA

Erregional maila. Laugarren multzoa. Hirugarren jardunaldia: Altsasu B 1 – Gazte Berriak 2

Erregional mailako Altsasuk bi garaipen jarraituen boladari agur esan behar izan zion, larunbatean Gazte Berriak taldearen kontra jokatutako partidan 1 eta 2 galdu baitzuen Barañaingo taldearen kontra. Lehen zatian bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, baina atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatia hasi eta berehala Julen Floresek Altsasu B aurreratu zuen, baina Gazte Berriakeko Luis Muñozek hiru minutura berdindu egin zuen. Berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina Barañaingo taldea izan zen lortu zuena, 67. minutuan Daniel Salak sartutako golari esker. Altsasu B berdinketa lortzen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen eta Gazte Berriakek hiru puntuak Barañainera eraman zituen. 

Arrotxapea B taldea da Erregional mailako laugarren multzoko liderra (9 puntu) eta Altsasu hirugarren postutik bosgarren postura jaitsi da (6 puntu). Asteburuan sailkapenean hamargarren den Valle Aranguren izango du aurkari Altsasu B-k, Aranguren kiroldegian.