Esperantoa munduan zabalduen dagoen nazioarteko hizkuntza planifikatua da. Orain dela ehun urte ingurutik, ia-ia urtero, Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra, eta pandemian salbu, urtero Universala Esperanto Asocio elkarteak munduko esperanto biltzarra antolatzen du. Aurten 107. edizioa egin dute, Montrealen, Quebecek, eta bertan Rafa Blanco hizkuntzalaria eta esperantista altsasuarrak parte hartu du: "Urtean zehar egiten diren topaketa, kongresu, elkarraldi eta abarren artean egiten den handiena da". 2.000 lagun elkartu direla esan du. Aurten berezia izan da duela bi urte Montrealen izan behar zuelako, "eta bi urtez atzeratu da". Urtero munduko biltzar honetan lantzeko gai bat aukeratzen dute, eta aurten, "Montrealen izanda", Indigenen eskubideak: hizkuntza, lurraldea eta kultura izan da gaia.
"Munduko esperanto elkartea orain dela 50 bat urte Nazio Batuen Elkarteko kontsulta harremanetan duen kidea da, eta UNESCOren partaidea ere bada". Horregatik munduko biltzarrean UNESCOk planteatzen dituen erronkekin bat egiten du, eta Montrealgo munduko biltzarrean, "indigenen hizkuntza askoren bizipenaren inguruan" hitz egiteko saioak egon ziren, bereziki modu akademikoan, Blancok azaldu duenez. Gainera, hainbat mahai inguru, hitzaldi, ponentzia, eta ikastaro edo aisialdiko ekimen izan ziren; halaber, ibilaldiak hirian zehar, tai-chi saioak, abesbatza, musika, dantza, antzerkia eta abar ere izan ziren.
Hizkuntzak arriskuan
Quebecen eztabaidatutako egoera oso interesgarria dela azaldu du Blancok. "Gatazka bikoitz bat planteatzen du. Gatazketako bat hizkuntza ofizialena da. Frantsesak atzerakada dezentea izan du duen ingelesarekin alderatuta, eta, bi erreferendum egin badituzte ere, bietan Canadan jarraitzearen aldeko aukera atera zen. Oso frantses hiztuna zen lurraldea izatetik, ingelesaren presentzia handia izatera pasa da". Bigarren gatazka, azken 20 edo 30 urtetan hizkuntza indigenena da. "Amerika osoko" arazoa dela dio Blancok. "Konturatu ziren benetan arrisku bizi eta gordinean zeudela eta daudela, eta, nire ustez, kasu askotan oso berandu ekin diote lanketa horri". UNESCOk eta NBEk hizkuntza indigenen eguna aldarrikatzea erabaki zuten, "eta urte bat edo bi eskaini zioten hari, baina konturatu ziren ez zuela askotarako balio, eta hamarkada osoa eskaintzen diote hizkuntza indigenei".
Hizkuntza asko daudela eta asko "arrisku bizian eta desagertzeko zorian" daudela esan du hizkuntzalariak, "Amerika osoan hamar bat dira irauteko moduan daudenak". Paraguain guarania aipatu du, "ez hainbeste Bolivian", eta inuitera Groenlandian. "Esperientzia nahiko interesgarria da eta kontuan hartzekoa, hizkuntza txiki batek nola egin dezakeen aurrera". Inuiten hizkuntza Quebecen eta Kanadan ere hitz egiten da, eta hainbat dialekto ditu.
Munduko esperanto biltzar guztien amaieran "aitorpen ofizial" bat egiten dela azaldu du Blancok, eta kasu honetan bertako hizkuntzen edo hizkuntza indigenen balioa aldarrikatu zuten, "euren etorkizuna bermatzeko har daitezkeen neurriak eskatuz, aldarrikatuz eta nabarmenduz". Blancok ere mundu akademikotik ikusten du "gu agian lau urrats aurrerago gabiltzala" eta orain hizkuntza indigenekin hartzen ari diren neurri batzuk, "gurean hartu genituenak", Euskal Herriko errealitate linguistikoak erakusten duela garai batean ikastolekin eta euskarazko irakaskuntzarekin "salbatuta" zegoela euskara, "eta konturatu gara ezetz. Gero euskarazko komunikabideekin, eta hori ere ez. Beste arazo batzuk etorri zaizkigu". Horiek beraiei ere etorriko zaizkien arazoak direla azaldu du.
"Oraingoz ez dute euren hizkuntzetan irakaskuntza sistemarik, baina bai ikusten dute eta oso harro daude zenbait hizkuntza baliabide digitalen bidez irakasten dituztelako, eta txuri batzuk hasi dira hizkuntza horiek ikasten". Baina zaletasun bat baino ez dela uste du Blancok, "sekulako aurrerapauso bezala ikusten dute. Baina gero ez dute ahalbidetzen ingururik horiek praktikatzeko". Hori da altsasuarrak atera zuen ondorioetako bat.
Euskal Herrira bueltan
Abuztuaren 6tik 13ra izan zen Montrealgo esperantisten munduko biltzarra, eta irailaren 17an UNESCOk duela 20 urte antolatzen duen Bakearen inguruko jardunaldia izan zen Tolosan. Jardunaldi honetan debateak eta mahai inguruak izaten dira, baita kulturarendako tartea ere badago. "Kasu honetan abesbatza batzuen parte hartzea izan da". Esperanto Nazioarteko Abesbatzak parte hartu zuen, eta bertan Rafa Blanco eta Genaro Paniagua altsasuarrek parte hartu zuten. Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin, Madrilgo Gazte Abesbatzarekin eta Kolonbiako Medellingo abesbatza batekin batera. "Kontzertu guztiz berezia izan zen pandemiagatik atzeratu egin zelako. 2020rako planteatu zen".
Munduko biltzar "handi horretan" osagai bat izaten da hainbat herrialdetako jendeak osatzen duen abesbatza, "800 eta 2000 pertsonen artean beti ateratzen dira 25 edo 40 lagun abesbatza efimero bat sortzeko gai". Egun horietan, biltzarrak iraun bitartean, kontzertuak ematen dituzte. "Orduan, Tolosarako aukera atera zen, eta ezin ziren denak etorri". Montrealen aritu ziren 30 abeslarietatik hamar bat etorri ziren: Estonia, Finlandia, Quebec, Frantzia, Luxenburgo, Euskal Herria, Katalunia, Polonia eta Ukrainako jendea bildu zen. Guztien artean 22ko abesbatza osatu zuten.
Errepertorioa "nahiko nazioartekoa" zen, eta nahi eta nahi ez Txoriak txori, Agur jaunak eta Jose Alberdi konpositoreak berriki osatu duen Zatoz pieza abestu behar zituzten. Esperanto Nazioarteko Abesbatzaren zuzendariak Ukrainako, Finlandiako, zuluen abesti ospetsu bat, AEBtako eta abarretako abestiak aukeratu zituen. "Guretako zail samarra izan zen egun eta erdiko entseguak izan genituelako. Normalean, abesbatzek urtean zehar astean bitan entseatzen dute. Gurea ez da hain jarraikia. Baina hortxe aritu ginen, eta gustura".