Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da aurtengo Euskaraldia, eta "hitzez ekiten" joateko Altsasuko batzordeak eta Kima euskara taldeak, Altsasuko udalaren, Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin batera, Musikariak hizketan ekimena antolatu zuten aurreko ostiralean. Aitziber Grados Muñoa kazetariak gidatutako hitzaldian, Skabideaneko Nikolas Leonardo eta Antonio Iriarte eta Ibil bediko Amets Aranguren musikariek haien taldeen inguruan hitz egin zuten. Bi taldeek euskararen hautua egin zuten.
Skabidean eta Ibil bedi taldeen sorreraz hitz egiterakoan elementu amakomun bat zutela konturatu ziren musikariak: Iruñeko Iturrama institutua. Ikasleak zirenean inauteriak eta Olentzero bezalako festetan antolatzen zituzten kontzertuak "erreferenteak" izan zirela esan dute Leonardok eta Iriartek, baita Arangurenek ere. "Institutuan musika erreferentzia asko izan ditugu beti; oso gazte ginela, DBH1 mailan kontzertu horiek ikusten genituen, eta DBH4 mailan sortu genuen taldea zazpi lagunok. Gero jende gehiago batu zen. Hamar gara orain".
Arangurenendako ere "erreferente" izan ziren kontzertuak, baina taldea sortzeko Silvia Perez Cruz musikariak Kursaalen emandako kontzertua erabakigarria izan zen: "Areta Senosiainekin, taldeko beste neskarekin, joan nintzen eta pentsatu genuen ez maila horretan, baina horrek sorrarazi ziguna beste jende bati sentiaraztea saiatu nahi genuela". Ondoren, taldeko abeslaria izanen zenarekin, Ibairekin, elkartu ziren; hirurak hasi ziren, eta "oso denbora gutxian" beste bi kideak batu ziren.
"Nola da abestiak sortzeko prozesua?", Gradosen galderari erantzunda, "talde bakoitzean oso diferentea da", erantzun zuen Arangurenek. "Pausoz pauso joan zen gauza bat izan zen. Ama hil zenean oso urte txarra pasa nuen, eta beti idatzi izan dut eta Ibaik ere gauzak zituen idatziak, eta hortik tiraka hasi ginen". Hasieran ez zuten "asko" pentsatu talde bat egiten ari zirenik. Batzuetan melodia batekin hilabeteak egon daitezkela esan du. Estiloa definitzeko orduan, "amankomunean dugun lagun batek esan zidan berak sortzeko zer estilotako kanta egin nahi duen pentsatzen duela, rocka, esaterako, eta hortik hasi zela kanta egiten. Ez dugu hori inoiz planteatu". Ibil bedik pop-a egiten duela azaldu zuen, baina ez dutela inoiz pop egitea planteatu.
Skabidean rocksteady estiloaren barruan mugitzen da. "Jamaikan iristen zen Ameriketako musika rhythm and blues eta horrelakoak ziren, eta hasi ziren bertsoak buggy estiloan egiten. Horrek aurrera egin zuen eta ska klasikoa sortu zen hasieran, instrumentala gehienetan, eta gero rocksteadya". Abestiak sortzeko orduan, Skabideaneko kideak elkartzen dira, eta zer joko duten pentsatzen dute.
Ospea
"Taldea 2012an sortu genuen eta lehenengo diskoa 2016an kaleratu genuen. Lau urte eman genituen bertsioak jotzen, eta oso pozik geunden". Azaldu zuten Skabideaneko kideek. "Asko kostatu zitzaigun konposatzeko grin hori izatea". Arrano elkartean eman zuten diskoaren aurkezpen kontzertuan ehun bat pertsona joan ziren, "eta hori guretako oso kañeroa izan zen". Inflexio puntua, aldiz, Arrotxapeako Gaztetxean bigarren diskoa aurkeztu zutenean eman zen: "800 bat pertsona etorri ziren, eta hori guretako izan zen...". Kafe Antzokian, Totem eta horrelako aretoetan jo izana ere izugarria dela esan zuten. Ospea "oso gutxinaka" iritsi dela esan dute, "jo dugu bost pertsonendako, eta oso ongi pasa dugu". Hasieran jarraitzaileak zirenak orain lagunak bihurtu direla ere esan zuten.
Iruñean sortu diren talde batzuekin "mito" bat badagoela esan zuen Arangurenek: Iruñea Euskal Herriko musika kozinatzen den tokia dela "Objektiboki azken hiru urtetan talde batzuk sortu dira kasualitate askoren ondorioz Euskal Herritik barrena nahiko mugitu direnak, baina mitifikatu dela ikusten dugu barrutik". Momentuko zerbait dela uste du, "badaude beste batzuk itzaletan gelditu direnak". Ikusi zuenean ezagutzen ez zuen jendea bere etxean konposatutako zerbait abesten "puntu hori izan zela" esan zuen, "eta alde batetik ez zitzaidan gustatu". Batzuetan "arraroa" dela esan zuen.
Skabidean-ekoek euskaraz egitea pentsatu zuten; Ibil bedi-koei "atera" zitzaien ere
Skabidean taldeko kideei "oso arraroa" egiten zitzaien reggaarekin gaztelaniaz egitea. "Baina ez oso euskaldun peto-petoak izateagatik; ez dugulako entzun. Ingelesez entzuten genuen, eta gaztelaniaz oso arraroa zen". Euskaraz egitea pentsatu zuten hasieratik, "ez dakit erabaki politiko bat zen, baina hartzen genuen erabaki bat zen. Euskaraz konposatuko genuen, nahiz eta egunerokotasunean euskaraz ez egin".
Ibil bediren kasuan, "ez da modu esplizitu batean esan, baina seguruenik erabaki politiko bat egon zen. Zaila da jakitea zer punturaino dagoen hautu bat benetan". Iruñean D eredutik atera diren gazte taldeak gaztelaniaz egitea "oso arraroa" dela gaineratu zuen Arangurenek.
Hirurek esan zuten oso zaila dela musikaz bizitzea, eta horregatik ulertzen zutela ere bi hizkuntzetan aritzen direnak.